Itxi

Katalunia

Espainiako Gobernuak eta Generalitateak 'elkarrizketa eraginkor' bat nahi dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

“Kataluniako etorkizunaren inguruan gatazka” bat dagoela onartu dute bi exekutiboek, baina “jatorri, izaera eta konponbideen inguruko desadostasun esanguratsuak mantentzen dituzte”.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako Gobernuak eta Generalitateak agiri bateratu bat adostu dute, “elkarrizketa eraginkor” baten aldeko apustua egiteko. Kataluniako herriaren eskakizunei “segurtasun juridikoaren markoan” erantzun bat emateko aurrera egin nahi dute bi exekutiboek. Horregatik, urtarrilean bi gobernuen arteko beste bilera bat egitea espero dute.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren eta Quim Torra Generalitateko presidentearen arteko bilera amaitu ondoren, Elsa Artadi Generalitatearen Presidentetzako kontseilariak agiri bateratua irakurri du.

“Kataluniako etorkizunaren inguruan gatazka” bat dagoela onartu dute bi exekutiboek, baina “jatorri, izaera eta konponbideen inguruko desadostasun esanguratsuak mantentzen dituzte”. “Kataluniako gizartearen babes zabala izango duen proposamen politiko bat aurrera eramateko elkarrizketa eraginkor” baten aldeko apustua egin dute biek.

“Irtenbide bat bermatzeko” helburuarekin, “segurtasun juridikoaren markoan, gizartearen beharrizanak artatzeko eta Kataluniako herritarren eskakizunei erantzun demokratiko bat eman ahal izateko elkarrizketa esparruak bultzatzeko” konpromisoa hartu dute gobernuek.

Dokumentuak ez du Kataluniaren “autodeterminazio eskubideaz” hitz egiten, baina arratsaldeko bileretan Kataluniako gizartearen “adostasunak” azaldu dira, besteak beste, “erreferendum baten beharra”, Artadik ziurtatu duenez.

Carmen Calvo, Meritxell Batet, Pere Aragones eta Elsa Artadi. Argazkia: EFE

Artadiren hitzetan, beste “adostasunak” izan dira: politika auzitegietan ez ebaztea, 155. artikulua berriz ez aplikatzea, auzipetu independentisten “errepresioarekin” bukatzea eta ikur frankistak ezabatzea. Azken puntu horretan Exekutibo zentrala eta Generalitatea elkarrengandik oso gertu daude, Kataluniako Gobernuko bozeramailearen arabera.

Artadiren ahotan, arratsaldeko batzarretan Estatuko Aurrekontu Orokorrak ez dira mahai gainean izan.

Bartzelonan edo Madrilen

Zentzu horretan, Governako bozeramaileak azaldu duenez, bi gobernuek beste bilera bat egiteko asmoa dute urtarrilean, Bartzelonan edo Madrilen. Orduan ministroak eta kontseilariak soilik bilduko lirateke. Gutxienez Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea eta Pere Aragones Kataluniako presidenteordea bertan izango dira.

Gaur Pedralbes jauregian egindako bileraren formatuari dagokionez, hiru batzar egin dituztela ziurtatu du Artadik: bat Sanchezen eta Torraren artean; beste bat Calvo, Meritxell Batet ministroa, Artadi eta Aragonesen artean; eta hirugarren batean guztiek parte hartu dute.

Bileran “guztiaz hitz egin” ahal izatea eskertu dio Torrak Sanchezi. Gainera, Espainia “desfrankizatzeko” eta “muturreko eskuina bakartzeko Estatu itun” bat eskatu dio.

Bestalde, PSOEren eta Podemosen artean adostutako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua babesteko eskatu die Sanchezek indar parlamentarioei, eta Generalitateko presidentearen aurrean autokritika aldarrikatu du: “Guztiek gure hanka-sartzeez ikasi behar dugu”.

Albisteak (3)

Bideoak (2)