Kargatzen...
Itxi

Espainiako erregearen mezua

Erkoreka: 'Ona litzateke Espainiako erregeak plurinazionaltasuna aitortzea'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Urteko azken Gobernu Kontseilua amaitutakoan egindako agerraldian, Josu Erkorekak esan du faltan bota duela Gabonetako mezuan Felipe VI.ak "horri buruz" ez hitz egitea.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez, "ona litzateke estatuburuak Espainia plurinazionala dela aitortzea". Hori dela eta, faltan bota du Gabonetako mezuan Felipe VI.ak "horri buruz" ez hitz egitea.

Urteko azken Gobernu Kontseilua amaitutakoan egindako agerraldian, Erkorekak onartu du Jaurlaritzak ez duela mezuaren edukia formalki aztertu, alderdi politikoek horrekin lotuta atzo egindako adierazpenekin nahikoa dela iritzita.

Aitzitik, Kataluniako egoera politikoari buruz hitz egin du, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera berretsi du: "Elkarrizketa da irtenbiderik eraginkorrena". "Akordioak lortzeko orduan, konpromiso irmoa behar da", adierazi du.

"Auzitegietatik eta irtenbide dramatiko eta traumatikoetatik urrun dagoen konponbidea bilatu behar dute", gaineratu du.

Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, positiboa litzateke "distentsio aro" bat irekitzea, "Espainiako Estatuan hain beharrezkoa den elkarrizketari heldu ahal izateko".

Horregatik, Erkorekaren arabera, komenigarria litzateke Felipe VI.a erregeak alderdi politiko guztiak horren gaineko neurriak hartzera "behartzera".

 

Albisteak (2)