Senatua
PPk betoa jarri dio Pedro Sanchezen Gobernuaren defizit muga berriari, Senatuan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alderdi Popularrak Senatuan duen gehiengo absolutua baliatu du joan den astean Kongresuak onartu zuen egitasmoa atzera botatzeko.
Espainiako Gobernuak defizit publikoa % 1,8ra igo nahi du datorren urtean, eta joan den astean Kongresuaren babesa lortu zuen bide horretan, baina gaur Alderdi Popularrak Senatuan duen gehiengo absolutua baliatu du egitasmo hori atzera botatzeko.
Senatuko osoko bilkuran, PPk, Ciudadanosek, UPNk, EH Bilduk, Coalicion Canariak eta Foro Asturiasek defizit muga berriaren kontra bozkatu dute; PSOEk, Unidos Podemosek, ERCk, PDeCATek, EAJk eta Compromisek, ostera, ekimena babestu dute. Laburbilduz, kontrako botoak 150 izan dira, eta aldekoa, 97.
2012an, Alderdi Popularrak Aurrekontuaren Egonkortasunerako Legea aldatu zuen, beto-eskubidea sartzeko. Orduz geroztik, lehen aldia da betoa ezartzeko eskubidea gauzatzen dela.
Alderdi Sozialistak eta Podemosek lege hori berriro erreformatu nahi dute, beto-eskubidea kentzeko eta, bide batez, defizit muga berria onartu ahal izateko.
Maria Jesus Montero Ogasun ministroak PP eta Ciudadanosen jarrera gogor kritikatu du eta "interes alderdikoiak" lehenetsi dituztela salatu du.
Halaber, datorren urteko defizita berriro % 1,3an ezartzeak 18.000 milioi euroko doitzea, erkidegoetan inbertsioak jaistea eta Gizarte Segurantzak kuotak igotzea ekarriko duela ohartarazi du Monterok.