Espetxe politika
Barne Ministerioak gaixorik dauden presoak askatzeko baldintzak arinduko ditu
Agentziak | Erredakzioa
Egungo instrukzioak fase terminalean dauden pertsonak askatzea aurreikusten du soilik, eta Marlaska buru duen ministerioak onartu duenak beste faktore batzuk jasoko ditu, hala nola bizi kalitatea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak protokolo berri bat abiatu du gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko baldintzak leuntze aldera. Erreforma hori Eduardo Zaplana PPren Gobernuko ministro ohia, leuzemia duena, kartzelatik ateratzea ukatzeak hautsak harrotu eta gero iritsi da.
Barne Ministerioak preso daudenen eritasunak sailkatzeko protokolo berria sortu du, eta, horri jarraituta, gaixotasun larriak dituzten preso gehiago atera litezke espetxetik, aurrerantzean beste faktore batzuk hartuko baitituzte kontuan, adibidez egoera eta bizi kalitatea, eta ez, orain arte bezala, soilik bizi itxaropena.
Arau berri honek Alderdi Popularraren Gobernuak 2017an onartutakoa ordezkatuko du. Horrek hilurren, fase terminalean, zeuden presoak kaleratzea soilik onartzen zuen.
“Giza eskubideei dagokio”, EAJren aburuz
Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Radio Euskadin esan duenez, protokoloa “giza eskubideen kontuari dagokio”, eta “preso guztiak hartu behar ditu bere gain”, Eduardo Zaplana ministro ohia ere.
“Bete behar diren eta aurreko Gobernu batzuek bete ez dituzten nazioarteko zuzentarauetatik gertuago dago”, erantsi du.
Zaplanaren kasua “egunotan oihartzun handiena izan duena da”, baina “beste preso asko daude osasun egoera larrietan”, esan du Atutxak.