Epaia
Foru gobernuak torturei buruzko ikerketa bat egiteko emandako laguntza, bertan behera
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du EHUri zuzendutako diru-laguntza Konstituzionalak baliogabetutako Polizia biktimen foru legearekin harremana duelakoan.
"Eskuin muturreko taldeek eta foru erkidegoko funtzionario publikoek egindako indarkeriazko ekintzak" ikertzeko Nafarroako Gobernuak EHUri emandako 30.000 euroko diru-laguntza bertan behera utzi du gaur Auzitegi Nagusiak.
Estatuko Abokatutzak eskatu zuen diru-laguntza baliogabetzea, lauko gobernuaren erabakiak Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako biktima polizialen legearekin zerikusia zuelakoan. Nafarroako Gobernua eta EHU kontra agertu ziren.
Unibertsitatearen arabera, Konstituzionalak baliogabetutako artikuluek ez dute biktimen aitortza eta erreparazioarekin zerikusirik, eta emandako diru-laguntzek ez zuten gertatutakoaren interpretazio bat ematea helburu, baizik eta "giza eskubideen urraketa horiek dimentsionatzea".
Bestelakoa uste du, ordea, Nafarroako Auzitegiak. Horren aburuz, ikerketaren aztergaiak eta helburuek bat egiten zuten Konstituzionalak baliogabetutakoarekin. Auzitegiaren ustez, Nafarroako Gobernuak sortzeko asmoa zuen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeak Botere Judizialaren eskumenak urratzen zituen.