Itxi

Altsasuko auzia

Urtarrilaren 23an berrikusiko du Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteen epaia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Apelazio Salaren hasiera bateko asmoa zen bista urtarrilaren 14tik 16ra egitea, baina lekukoen hainbat froga eta defentsek aurkeztutako dokumentuak jaso ostean, epaiketa atzeratzea erabaki dute.

Manifestazioa Iruñean, Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatzeko. Argazkia: EFE

Auzitegi Nazionalaren Apelazio Salak urtarrilaren 23ra eta 24ra atzeratu du Altsasuko gazteen epaia berrikusteko bista. 2016ko urrian bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea leporatu zieten auzipetutako gazteei, eta 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten gertakari horrengatik.

Hasiera batean, urtarrilaren 14rako, 15erako eta 16rako deitu zuten bista, baina, azkenik, atzeratzeko erabakia hartu dute lekukoen hainbat froga eta defentsek aurkeztutako zenbait dokumentu jaso ostean.

Horrenbestez, froga horiek onartzeak ekarri du epaiketaren atzeratzea, besteak beste, Auzitegiak defentsek proposatutako lekuko berriak deitzeko denbora izan dezan, ANk jakitera eman duenez.

Zigor-arloko lehen sekzioak ekainean eman zuen zortzi auzipetuan aurkako epaia. Guztiei agintarien aurkako delitua eta lesioak, desordena publikoa eta mehatxuak egotzi zizkieten. Fiskaltzak esandakoaren kontrara, epaileak baztertu egin zuen ustezko erasoa terrorismoarekin lotuta egotea, gertakariak, ordea, "oso larritzat" jo zituen.

Hori horrela, Fiskaltzak ere helegitea jarri du ebazpenaren aurka, "agenteek jaso zuten jipoia aldez aurretik planifikatutako erasoa izan zela eta helburu terrorista zeukala" argudiatuta.

Esan bezala, epaiak argi utzi zuen Guardia Zibilarenganako gorrotoak eta iritzi ideologikoek zerikusia izan zutela erasoan, baina ukatu egin zuen auzipetuek ETArekin lotura zutela.

Aitzitik, Fiskaltzak uste du "Guardia Zibila Altsasutik ateratzea" zela ustezko erasotzaileen asmoa, "haien moduan pentsatzen ez dutenei beldurra eragiteko asmoz edo".

 

 

Albisteak (6)