Itxi

Erasoa Amurrion

Amurrioko erasoaren ondotik izandako 'isiltasuna' kritikatu du Sortuk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

"Alderdi Popularra, Ciudadanos eta Vox erakusten ari diren jarrerak ahalbidetzen du horrelako erasoak ematea", salatu du Arkaitz Rodriguezek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Amurrioko erasoa "oso larria" izan dela eta, hala ere, hainbat komunikabide eta alderdi politiko "isilik" geratu direla salatu du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak arratsalde honetan Donostian egin duen agerraldian.

Atzo, tiro egin zioten ezker abertzaleko familia baten etxeari Amurrion. Ertzaintzak gizonezko bat identifikatu du erasoarekin lotura izan dezakeelakoan, baina oraingoz ez dute inor atxilotu. Rodriguezek baieztatu duenez, aita Sortuko kidea da, eta alaba, Ernaikoa.

Bederatzi milimetroko balak leihoa jo zuen. Barruan bizilagunak zeuden, baina ez zen inor zauritu. "Zoriz ez zen inor hil eta ez zen ezer gertatu, baina jazoera hau oso larria da eta eskandalu bat da gertatu dena ezkutatu nahi izatea edo larritasuna kentzen saiatzea", adierazi du Rodriguezek.

Ildo horretan, gogora ekarri du duela hilabete gutxi albistegietako eta egunkarietako "lehen lerroan" izan zirela "hainbat egunez" zenbati batzokitan egindako pintaketak.

Halaber, segurtasun indarren eta epaileen jarrera ere salatu du, ustezko egilea identifikatu dute arren, haren aurka inolako neurrik hartu ez dutelako. "Pasibotasunez" aritzea eta, kasuaren arabera, jokabide ezberdina izatea leporatu die.

"Zer gertatuko litzateke kontrakoa izango balitz? Zer gertatuko litzateke tiroa leihoan Espainiako bandera duen etxebizitza baten aurka egin izan balitz?", galdetu du.

"Altsasuko gazteak taberna batean izandako liskar bategatik espetxeratu zituzten, eta Espainian txiolariak, musikariak eta titiriteroak kartzelatzen dituzte, baina gero Falangeko buruzagia bezalako pertsonaiak aske uzten dituzte, hainbat eraso egitegatik eta armak gordetzeagatik zigortuak egon arren", deitoratu du.

Rodriguzen esanetan, Amurrioko gertakariaren atzean "inkontrolatu bat" dago, baina eraso hori testuinguru zehatz batean jazo dela azpimarratu du. "Demokrazia inboluzioan dago eta Estatua indarkeria erabiltzen ari da, Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat eskaintza demokratikorik ez duelako", azaldu du.

Era berean, Alderdi Popularra, Ciudadanos eta Vox izaten ari diren jarrera salatu du. "Hiru etsai sortu dituzte: Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoa, emakumeak eta migratzaileak".

"Arazoa ez da Vox. Arazoa PP, Ciudadanos eta Vox dira. Hiru alderdi horiek sortu duten egoerak ahalbidetu du atzoko moduko erasoak gertatzea eta errepikatzea", nabarmendu du.

Erasoa salatzeko eta kaltetutako familiari babesa adierazteko, Sortuk manifestazioa deitu du astearte honetan, 19:00etan, Amurrion.

Albisteak (1)

Bideoak (1)