Itxi

Katalunia

Preso dauden buruzagi independentistak Madrilera lekualdatzeko eskatu du Gorenak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Manuel Marchena Goreneko bigarren salako presidenteak, urtarrileko azken asterako, Madrilen nahi ditu preso dauden buruzagi guztiak, eta horixe da, hain zuzen, Barne ministroari exijitu diona.

Auzitegi Gorenaren kanpoaldea. EFEren artxiboko irudia

Preso dauden Kataluniako bederatzi buruzagi independentista Madrilera lekualdatzeko eskatu dio Manuel Marchena Auzitegi Goreneko bigarren salako presidenteak Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari. Horrekin, buruzagi independentista guztiak urtarrileko azken astean auzitegian izango direla bermatu nahi du Marchenak.

Epaiketaren data oraindik zehaztu gabe dagoen arren, ordurako akusatu horiek auzitegiaren eskura egotea nahi du Goreneko bigarren salako presidenteak.

Esan bezala, bederatzi atxiloturengan du eragina eskariak. Horiek guztiak Kataluniako espetxeetan daude preso gaur egun, uztailera arte Madrilgo kartzela ezberdinetan egon baziren ere.

Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidentea, Jordi Sanchez ANCko buruzagi ohia, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi turull, Josep Rull, Raul Romera eta Joaquim Forn kontseilari ohiak Lledonerseko espetxean (Bartzelonan) daude. Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia, berriz, Mas d'Enricen dago (Tarragona), eta Dolors Bassa Puig de les Basseseko kartzelan (Girona).

Marchenak gogora ekarri du dagoeneko aurkeztu dituztela akusazio idatzi guztiak, eta defentsen frogak jasotzeko epea ere aurki bukatuko dela. Gauzak horrela, aste batzuk barru izango da epaiketa, Marchenak argitu duenez.

Horregatik, gaur bidalitako idatzian, 664 artikuluari egin dio aipamen. Horren arabera, behin ahozko bista iragarrita, "preso dauden akusatuak epaiketa egingo duten tokira eraman behar dituzte".

 

 

 

 

Albisteak (6)