MEMORIA HISTORIKOA
Ondarroako Arta muturreko oroigarri frankista bota dute
eitb.eus
'Baleares' gerraontzi frankistan hil ziren ondarrutarren omenez eraikitako monumentua da. Goizaldean eraitsi dute, eta sare sozialen bidez zabaldu dute ekintza.
Ondarroako portutik gertu, Arta muturrean, 1958an eraikitako monumentu frankista bota dute hainbat ezezagunek gaur goizaldean. Orduko erakundeek jarritako oroitarria da.
'Baleares' gerraontzi frankistan hil ziren ondarrutarren omenez jarri zuten, eta "A los ondarreses que heroicamente dieron su vida por Dios y por España en el crucero Baleares" irakur zitekeen bertan.
Ondarroako Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, ez du monumentu hori berriz altxatuko. Duela aste batzuk Eusko Jaurlaritzak berak eskatu zion Udalari monumentua kentzeko, Memoria Historikoaren Legea urratzen zuelako. Orain, egoera berri honetan, "martxan zeuden prozedurak gelditu" eta herritarrekin erabakiko du Udalak bertan zer egingo den.
"Ondarroako Udalaren proposamena da monumentu hori kendu ondoren leku hartan beste oroigarri bat eraikitzea, itsasoan hil diren herritar guztien omenez. Ondarroa bezalako arrantzale herri batek beharrezkoa duelako halako oroigarri bat, eta euren senitarteko bat itsasoan galdu duten familiek ere merezi dutelako halako leku bat", esan du Udalak.
'Baleares' itsasontzia 1938ko martxoaren 6an hondoratu zen, Palos lurmutur inguruan, Murtzian (Espainia). 1.206 pertsona zihozen ontzian, eta 765 hil egin ziren, horietatik 18 ondarrutarrak.
Olarizuko gurutzea
Duela hilabete eskas, antzeko ekintza egin zuten Gasteizko Olarizu mendian dagoen gurutzearen aurka. Egileek oharra bidali dute Hala Bedi irratira, erasoaren ardura bere gain hartuta, eta sabotajearen bideoa zabaldu zuten Internet bidez.