Itxi

PODEMOS

Krisia Podemosen: Pablo Iglesiasek Iñigo Errejon alderditik kanpo kokatu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Manuela Carmenaren 'Más Madrid' hautagaitzarekin bat egin eta erkidegorako bozetan hautagai izango dela iragarri du Errejonek. Podemosek bere hautagaitza aurkeztuko duela erantzun dio Iglesiasek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Krisi hotsak Podemosen. Oraingoan, Madrilen. Iñigo Errejonek Manuela Carmena Madrilgo egungo alkatearen Mas Madrid hautagaitzarekin bat egin eta Madrilgo Erkidegorako hauteskundeetan hautagai izango dela iragarri du. Pablo Iglesiasek Podemosek bere hautagaitza propioa aurkeztuko duela erantzun dio.

Sare sozialetan argitaratutako mezuan, Pablo Iglesiasek alderditik alde egiteko atea zabaldu dio Iñigo Errejoni, nahiz eta ez duen alderditik kanporatu. "Zorterik onena opa diot Iñigori alderdi berriaren eraikuntzan, baina Podemoseko badu oinarriek markatutako eta herrietako asanbladek babestutako bide-orria", ziurtatu du.

Iglesias "minduta" eta "triste" azaldu da Errejonek Manuela Carmenarekin batera "proiektu politiko pertsonal berria" abiatzeko hartutako erabakiarengatik. "Sinetsi ezinda nabil. Ezustean, alderdiaren bizkar eta ezkutuan, Manuelak eta Iñigok Madrilgo Erkidegorako hauteskunde proiektua aurkeztu dute. (Alderdian) izena eman dutenek errespetu gehiago merezi dute", deitoratu du.

Alderdi moreko buruzagiak bere mezuan nabarmendu duenez, Podemosek Manuela Carmena babestuko du Madrilgo udal hauteskundeetan, nahiz eta Podemosek ez duen bertan parte hartuko. Haren esanetan, Manuelaren proiektuak zerikusi gutxi du duela lau urteko 'Ahora Madrid'enarekin. Orduan, Podemos 'Ahora Madrid' markaren baitan aurkeztu zen hauteskundeetara.

"Errespetu osoz, Iñigo ez da Manuela", ohartarazi du Iglesiasek.

Bestalde, Iñigo Errejonek erantzun dio bera dela Madrilgo Erkidegorako Podemosen hautagaia eta baduela horretarako zilegitasuna. Are gehiago, Manuela Carmenarekin eskutik hauteskundeetara aurkeztea ez dela inondik inora kontraesana adierazi du.

Bideoak (1)