Kargatzen...
Itxi

Sakabanaketa

Sare: Neurri politikoa izan zen; beste neurri politiko batek eman behar dio amaiera

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Joseba Azkarragak aitortu du Marlaskaren adierazpenek 'itxura ona' dutela, baina zuhur agertu da: 'Duela sei hilabete egindakoen berdintsuak dira'.

Joseba Azkarraga, kazetariei adierazpenak egiten. Artxiboko irudia: EFE

Joseba Azkarraga Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarraren bozeramaileak positibotzat jo ditu Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak sakabanaketari buruz egindako adierazpenak. Ministroaren arabera, "une honetan",  ETA deseginda, ez dago urruntze politika mantentzerik.  Azkarragak nabarmendu duenez, sakabanaketa "neurri politikoa izan zen, eta beste neurri politiko batek eman behar dio amaiera". Hala, espetxe politika berehalakoan aldatzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari.

Radio Euskadi eta Radio Vitoriako "Ganbara" saioan egin dioten elkarrizketan, ministroaren berben aurrean zuhur agertu da Azkarraga. "Itxura ona dute, baina duela sei hilabete Espainiako presidenteak egindakoen berdintsuak dira". Pedro Sanchezek espetxe politika sakon aldatzeko beharraz hitz egin zuen orduko hartan, Sareren bozeramaileak ohartarazi duenez.

"Emaitzen zain gaude orain. Ondo dago egoera aldatu ahal duten lekuetatik iritzi eta borondate hori agertzea", erantsi du.

Gogorarazi duenez, "azken sei hilabeteetan bi preso euskal kartzeletara ekartzeko baimena eman du Marlaskak. Nolabaiteko meritua da; oso kontraesankorra da dena. Sarek bat egiten du ministroak esandako horrekin: espetxe politika jakin bat dela eta legea bete behar dela, alegia. Baina, gaur gaurkoz, ez da legea betetzen ari".

_______________________

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Albisteak (3)