Presoak
Iñaki Beaumont, Josu Ginea, Jon Lopez eta Aurken Sola presoak hurbildu dituzte
EITB.EUS
Beaumont Granadatik Soriara lekualdatu dute; Ginea, Almeriatik Leonera; Lopez, Darocatik Zuerara (biak Zaragozan); Sola, Algecirastik Burgosera.
Euskal Herritik gertuago dauden espetxetara eraman dituzte lau euskal preso, Etxerat presoen senide eta lagunen elkarteak jakinarazi duenez. Zehazki, Iñaki Beaumont, Josu Ginea, Jon Lopez eta Aurken Sola presoak Soriara, Mansillara (Leon), Zuerara (Zaragoza) eta Burgosera hurbildu dituzte, hurrenez hurren.
Iñaki Beaumont ETAko preso iruindarra Alboloteko (Granada) espetxean zegoen 2000. urtetik 18 urte eta erdiko zigorra betetzen. Miguel Angel Ruiz UPNko zinegotzi ohia hiltzea saiatzeagatik ezarri zioten zigorra, eta hiru laurenak 2014an bete zituen. Soriako kartzelan egongo da aurrerantzean.
Josu Gineari (Larrabetzu, Bizkaia) 12 urteko kartzela zigorra ezarri zioten kutxazain bat erretzeagatik. Almeriako espetxetik Mansillara (Leon) eraman dute.
Jon Lopez preso basauriarra 17 urteko zigorra betetzen ari da, 1996an autobus bati su ematea egotzita. Zaragozako presondegi batetik beste batera lekualdatu dute; Darocatik Zuerara, hain justu.
Aurken Sola preso iruindarra, berriz, Algecirasko espetxetik Burgosko kartzelara eraman dute.