Itxi

Gregorio Ordoñezi omenaldia

Alderdi abertzaleak kritikatu ditu Ordoñezek, ETAk eragindako 'izua zuritzeagatik'

Agentziak | Erredakzioa

Coviteko presidenteak, bere anai Gregorio Ordoñezen hilketaren 24. urteurrenean, "matxinatzeko eta ETAren terrorea zuritzeko operazioari aurre egiteko" eskatu die "herritar zintzoei".

Consuelo Ordoñez, bere anaiari egindako omenaldian / Argazkia: EFE.

Covite terrorismoaren biktimen elkartearen presidente Consuelo Ordoñezek euskal gizartea eta politika deskribatzean sentitzen duen "lotsa morala" salatu du. Esan duenez, zenbait ordezkari politikok "normaltasuntzat" hartzen dutena "hiltzaileen, bahitzaileen eta gaizkileen historiala zuritzea da". Horregatik, "matxinatzeko eta ETAren terrorea zuritzeko operazioari aurre egiteko" eskatu die "herritar zintzoei".

Donostiako Polloe hilerrian egindako lore eskaintzan parte hartu du Ordoñezek, ETAk bere anai Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuenetik 24 urte bete direnean.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Ana Iribar Ordoñezen alarguna; PPko Alfonso Alonso, Borja Semper eta Miren Albistur; PSE-EEko Eneko Andueza, Denis Itxaso eta Ernesto Gasco; Donostiako alkate Eneko Goia (EAJ), Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea.

Jaime Larrinaga apaizak zuzendu du omenaldia, eta bertan izan dira Miguel Gutierrez, Ciudadanosen Kongresuko taldeko idazkari orokorra; Luis Gordillo, Ciudadanos Euskadiko bozeramailea; Santiago Abascal, Voxeko presidentea, eta Maria San Gil, PPko buruzagi ohia.

ETAren desegitearen osteko lehen urteurrenean, Coviteko presidenteak bere anaiari zuzendu dio hitzaldia, eta ETAren "oinordekoen" kontra jo du — "talde terroristaren itzala ahaztu nahi dute" —, eta abertzaleak kritikatu ditu —"izuaren errentadunak, interes politikoak ustiatzen jarraitu nahi dutenak, erantzukizunak eta konplizitateak onartu gabe".

Gainera, "erakundeetan ETAri esker kargu publikoak dituztenak egotea" deitoratu du. "Dena ETAri zor diote, orain inoiz existitu ez balitz bezala bizi badira ere". Ezker abertzalea ere kritikatu du, "biktimak espetxe politikaren erantzule egiteagatik".