Itxi

María Solana

Solana: 'Maravillasen segurtasunak kezkatzen gaitu, gainerakoa bigarren mailakoa da'

Leer en Castellano

Iruñeko Maravillas gaztetxearen husteak eragindako 'kiribiletik' ateratzeko itxaropena erakutsi du Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Gainera, "erasotzaileei estaldura politikoa ematea" deitoratu du.

María Solana (artxiboko irudia)

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izan da, astelehen goiz honetan, Iruñeko Maravillas gaztetxearen husteari buruz hizketan. "Kiribilean sartu gara, arriskuak batu eta delituak gehitu ditugu. Egoera zentzugabea da", esan du Solanak.

"Segurtasunak kezkatzen gaitu, hortik aurrerakoak bigarren mailako kontuak dira", adierazi du Uxue Bakorsen Gobernuak hartutako jokabideari buruz mintzatu denean. Ildo horretan, gogora ekarri du Joseba Asiron Iruñeko alkateari egindako eskaria, alegia, "egoera bideratzeko asmoz" gaztetxea okupatu dutenekin hitz egitea: "Ez da porrota izan, baina ez dugu aurrera egin".

Horregatik, "manifestariei, okupatzaileei eta erasotzaileei" emandako estaldura deitoratu du, eta EAJren Iruñeko eta Altsasuko egoitzetan agertutako pintadak kritikatu ditu. Hain zuzen ere, Solanaren hitzetan, alkatea arduratuta agertu da Poliziak zenbait saltokitan eragindako kalteengatik, ez, ordea, Maravillasen izenean egindako erasoengatik. "Ez dut ulertzen zergatik oihukatzen duten: Gaztetxerik gabe, bakerik ez".

Aldaketaren bidean, "kasu jakin batek" ez duela orain arteko bide emankorra suntsitu behar defendatu du Solanak. Ildo horretan, Podemosek bizi duen krisiak laukoan eragin negatiboa duela uste du.

Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuaz galdetuta, Solanak azpimarratu du autogobernu gehiago edukitzea dela Nafarroarentzat onena, 2019ko kontuen inguruko balorazio sakonik egin gabe.

"Espero dugu justiziarentzat eta proportzionaltasunarentzat tokia egotea", nabarmendu du Maria Solanak Altsasuko gazteen auziari buruz. "Bizitakoa bizi ostean, kontu hau behar bezala bideratzea espero dugu", amaitu du.

Albisteak (2)