Altsasuko auzia
Altsasuko gurasoak: 'Gure seme-alabak askatzea beste erabakirik ezin da onartu'
EITB.EUS
Atzoko saioaren ostean, akusazioen kontakizunak "sinesgarritasun gutxiago" duela eta gazteen kontrako "froga objektiborik" aurkeztu gabe segitzen dutela azpimarratu dute.
Atzo, Altsasuko gazteen kontrako epaiari defentsak nahiz akusazioak aurkeztutako apelazio-helegiteak aztertzeko saioa egin zuten Auzitegi Nazionalean.
Epaiketan testigantza ematea ukatu zitzaien sei lekukoren azalpenak entzun ziren atzoko saioan, eta denek gezurtatu zuten akusazioak egun hartan gertatuta zenari buruz esandakoak.
Gauzak horrela, zigortutako gazteen gurasoek azpimarratu dute "akusazioen kontakizunak sinesgarritasun gutxiago" duela egun.
"Gure seme-alaben erruduntasuna erakusten duen froga objektiborik aurkeztu gabe segitzen dute; zigortzeko sententzia, salatzaileen adierazpenetan oinarritzen da soilik", azaldu dute ohar baten bidez.
Beraz, "epaiketan ikusi eta entzundakoa kontutan hartuta zigorrak zentzurik ez zuela argi bazegoen, atzoko saioa eta gero kartzelan diren gure seme-alabak askatzea beste erabakirik ezin da onartu", adierazi dute.
Hala ere, "bi urte luzetan jasaten ari garen inguru berezia eta irregulartasun pila ikusita", edozer gerta daitekeela uste dute, eta, ondorioz, datorrenaren aurrean "erne" egoteko deia luzatu diote gizarteari.
Ildo horretan, euren "seme-alabak aske eta Altsasun ikusi arte borrokan" jarraituko dutela berretsi dute.
Azkenik, urte luze hauetan jaso duten "babesa, elkartasuna eta borroka honetan laguntzeko prestutasuna" bihotzez eskertu dute.