PRESOAK
Oier Gomez preso ohia hil da, larri gaixo zegoelako libre utzi eta gero
EITB.EUS
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoei aplikatzen zaien espetxe-politika aldatzeko eskatu du Sortuk, eta 21 pertsona daudela egoera horretan gogorarazi du.
Oier Gomez preso ohi gasteiztarra hil da larunbat honetan Baionako ospitale batean, 2017an Frantziak Justiziak libre utzi zuenetik hilabete gutxira. Etxeratek jakitera eman duenez, goizaldean hil da Gomez, 35 urterekin, minbiziagatik.
2011n atxilotu zuten Frantzian, kontrol batean jendarme bati tiro egitea leporatuta. 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten eta hiru euroagindu zituen bere kontra.
2017ko apirilean, Oiertxo SOS plataformak mobilizazioei ekin zien bere askatasuna aldarrikatzeko. Gomezek Ewing motako sarkoma zuela jakinarazi zuten, metastasiak eragin zizkiola buruan eta pelbisean, eta sei hilabeteko bizi-itxaropena eman ziotela. Hilabete hartan bertan, Frantziak epaile batek bertan behera utzi zuen kartzela-zigorra eta Paueko Apelazio Auzitegiak bertan behar utzi zituen bere kontrako hiru euroaginduak, aske utziz.
"Hiltzeko bakarrik utzi zutela aske" salatu du Sortuk eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoekiko espetxe-politika aldatzeko eskatu du. Hala, egoera horretan dauden 21 presoen egoerari erantzuteko eskatu di alderdi abertzaleak Espainiako eta Frantziako gobernuei.
EH Bildu koalizioak ere samina agertu du:
Gaixo dauden presoek kalean behar dute, tratamendu egokia jasotzeko. Urteak eman zituen Oier Gomez preso politikoak gaixotasun larri batekin espetxean, duela urte eta erdi aske utzi zuten arte. Gaur hil egin dela jakin dugu. Doluminak senide eta lagunei. #Etxeannahiditugu pic.twitter.com/rhsOJJBlMS
— EH Bildu (@ehbildu) 26 de enero de 2019
Ildo horretan, Iparraldeko Bagoaz plataformak, "eri diren presoak askatzea" eta "baldintzapeko askatasuna lortzen ahal dutenak askatzea" helburutzat duen taldeak salatu du Gomezek "DPS estatusa zuela presondegian eta bertan nahiz ospitalean segurtasun handiko neurriekin izaten zutela beti, bere egoera okertu ahala arindu zizkioten arte. Beraz, nekez banandu daitezke Oierren eritasuna, heriotza eta kartzela".
"Oier askatzeko burutu ziren mobilizazioak garrantzitsuak izan ziren bezala egun dauden preso gaixoak askatzeko beharrezkoa da mobilizazioa eta salaketa, Orain Presoak dinamika zabalak erakutsi duen moduan" hausnartu dute: "Larriki eri diren presoak berehala askatzea exijitzen dugu eta Frantses estatu interpelatzen dugu bereziki Ibon Fernandez Iradi lehenbailehen aska dezala".