aurrekontu-neurriak
Soldaten eta prestazioen legearen kudeaketan larderiaz aritu izana ukatu du Azpiazuk
Agentziak | Erredakzioa
Ogasun sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak "erantzukizunez" jokatu du Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektuaren elaborazioan.
Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak "erantzukizunez" jokatu du soldata publikoak eta hainbat gizarte prestazio igotzeko Lege proiektuaren elaborazioan. Oposizioko taldeek Lege proiektua irakurketa bakar prozeduraren bitartez bideratu izana kritikatu dute, baina Azpiazuk horren izapidetzean "larderiaz" aritu izana ukatu du.
Sailburuak EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren jarrera aztertu du Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektuaren harira.
Jaurlaritzako Gobernu Bilerak, besteak beste, sektore publikoko erakundeen zerbitzura dauden langileen soldaten igoera, ikastetxe kontzertatuetako moduluetako langileen osagaien eguneratzea eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruko aldaketak onetsi ditu.
Lege proiektua irakurketa bakar prozesuaren bitartez izapidetzean, oposizioak ezin izango dizkio proiektuari zuzenketarik egin eta Jaurlaritzak onartutako neurri guztiak bozkatu beharko dituzte blokean.
Gernikako Autonomia Estatutuak debekatzen dio Eusko Jaurlaritzari lege-dekretuak aurkeztea; hori dela eta, Lege proiektua irakurketa bakar prozeduraren bitartez bideratu dute, Azpiazuk azaldu duenez.
"Legebiltzarraren esku"
Sailburuak gogoratu duenez, proiektua bideratuta dago jada eta Legebiltzarrari dagokio orain horren tramitazioa.
Bestalde, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdiek lege proposamenak aurkezteko eta aurrera ateratzeko aukeraren harira, alderdiok egiten dutena "errespetatzen" duela esan du Azpiazuk, baina "ekonomia eta aurrekontuen inguruko proiektuen aurkezpena Eusko Jaurlaritzari dagozkiola" gaineratu du.
.