KATALUNIA
Torra preso dauden buruzagi independentistekin elkartu da, lekualdatzearen egunean
AGENTZIAK
Jasotako elkartasun mezuak eskertu nahi izan dituzte presoek Twitter bidez, Kataluniatik Madrilera lekualdatu aurretik. Epaiketa egiten den bitartean, bertan egongo dira.
Laster hasiko den epaiketari begira, preso dauden Kataluniako buruzagi independentistak Madrilgo espetxeetara lekualdatu aurretik, Quim Torra Generalitateko presidentea Brians II kartzelan elkartu da beraiekin. Presidenteaz gain, kontseilari guztiak izan dira bertan, Alfred Bosch Kanpo Ekintzakoa eta Jordi Puignero Politika Digitaletakoa izan ezik, bidaian daudelako.
Damia Calvet Lurralde eta Iraunkortasun kontseilariak azaldu duenez, elkartzeko unea "oso hunkigarria" izan da. TV3 Kataluniako telebista publikoari eskainitako elkarrizketan azpimarratu duenez, bereziki hunkigarria izan da Dolors Bassak eta Carme Forcadellek elkar ikusi duten unea; izan ere, hainbat denboran kartzela berean egon ostean, Forcadellek ekainean lekualdatzea eskatu zuenetik elkar ikusi gabe zeuden.
Halaber, berezia izan omen da Bassaren eta Forcadellen elkartzea Jordi Sanchezekin eta Jordi Cuixartekin.
Emozioaz harago, beharrezko topaketa instituzionala izan da: "Merezi duen duintasuna eman behar genion horrelako momentu bati". Gaineratu duenez, ohi bezala, indartsu eta azalpenak emateko gogotsu ikusi ditu.
Presoek ordezkari politikoen eta gizarte zibilaren babesa jaso dute
Gobernuko kideez gain, Kataluniako hainbat politikari eta gizarte zibileko beste horrenbeste ordezkari gerturatu dira Brians II kartzelaren atarira, Sant Esteve Sesrovires (Bartzelona) udalerrira, Madrilera lekualdatu aurretik beren babesa agertzeko.
Albert Batet Junts per Catalunyako (JxCat) bozeramailearen iritziz, otsailean Auzitegi Gorenean egingo den epaiketa "politikoa" izango da, eta, hortaz, "epai posible bakarra presoen absoluzioa eta erbesteratuen itzulera da".
JxCat-eko hainbat diputatu alboan zituela kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, gaurkoan "sentimendu nahasiak" dituela onartu du.
"Zalantzarik gabe, beraiek epaituko dituzte, baina urriaren 1ean botoa ematera joan ginen katalan guztiak eta demokrazia, adierazpen askatasuna eta autodeterminazio eskubidea defendatzen dutenak ere epaituko dituzte", azpimarratu du.
Marta Vilalta ERCko bozeramailearen esanetan, preso dauden buruzagi katalanek "herri oso baten duintasuna" ordezkatzen dute. Estatuari ohartarazpena egin dio gainera: "Akusatuen aulkian eseriko direnak beren etorkizuna erabaki nahi duten katalan guztiak eta herri honetako demokrata guztiak izango dira".
"Eskuburdinak jarrita eraman ahal dituzte, baina duintasunez beteta itzuliko dira, hori baita ordezkatzen dutena: herri oso baten duintasuna", esan du ERCko bozeramaileak hedabideen aurrean.
Elisensa Paluzie ANC Kataluniako Asanblea Nazionaleko presidenteak "saguaren eta katuaren arteko jokoan" ibiltzea aurpegiratu dio Auzitegi Gorenari. Izan ere, auzitegi horrek ez du oraindik ofizialki jakinarazi epaiketa noiz hasiko den.
Brians II kartzelaren atarian egin duten kontzentrazioan parte hartu du, "bakarrik ez daudela eta beraiena kolektibo baten borroka dela helarazteko", horren esanetan.
Bestalde, errepresio politikoa aplikatzen ari direnen kontra egin du, eta frankismoarekin parekatu du.
Ignasi Termes Omnium Culturaleko kideak, bere aldetik, laster hasiko den epaiketa izan du hizpide. Horren ustez, urriaren 1eko epaiketan auzipetuta daudenak ez doaz beren burua defendatzera, "guztionak defendatzera baizik".
Pertsona bakezaleak direla eta hastear den epaiketan oinarrizko eskubideak ezbaian jarriko direla salatu du.
"Estatua bere demokrazia arriskuan jartzen ari da", esan du.
Sanchezen Gobernuak dagoeneko presoak kondenatu dituela salatu du Puigdemontek
Mentre envien els presos polítics a Madrid per a ser jutjats, el govern espanyol del 'dialogant' Pedro Sánchez ja els ha condemnat. El que fa Borrell vulnera la directiva europea sobre presumpció d'innocència. Però no passarà res. Les directives europees són per fer bonic... pic.twitter.com/H76TNURYsk
— Carles Puigdemont (@KRLS) 1 de febrero de 2019