Epaiketako lekukoak
Urkullu, 'Proces' auzian lekuko
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy, Soraya Saenz de Santamaria, Roger Torrent eta Artur Mas ere izango dira Kataluniako buruzagi independentisten auzian lekuko.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohia eta Soraya Saenz de Santamaria presidenteorde ohia izango dira "Proces" auziko lekuko nagusiak. Roger Torrent Kataluniako presidentea, Artur Mas presidente ohia, Cristobal Montoro ministro ohia eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere lekuko izango dira epaiketan.
Carles Puigdemont eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, berriz, auzipetuta daudenez, ez dira lekuko izango. Ezta Felipe VI. erregea ere, legeak jasotzen duenez salbuetsita baitago.
Otsailaren 12an hasiko da 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatu eta Kataluniaren independentzia aldarrikatu zuten buruzagi independentisten aurkako epaiketa, Auzitegi Gorenean.
Epaiketa horri begira, preso dauden Kataluniako buruzagi independentistak 09:28an abiatu dira Brians II espetxetik Madrilera, Guardia Zibilaren autobus batean.
Preso dauden Kataluniako buruzagi independentistak Madrilgo espetxeetara lekualdatu aurretik, Quim Torra Generalitateko presidentea Brians II kartzelan elkartu da beraiekin. Presidenteaz gain, bertan izan dira beste hainbat kontseilari ere. Alfred Bosch Kanpo Ekintzakoa eta Jordi Puignero Politika Digitaletakoa falta izan dira, kanpoan bidaian daudelako.