Pariseko Auzitegia
Iratxe Sorzabalen eta David Plaren aurkako epaiketa hasi da Parisen
Agentziak | Erredakzioa
2010etik aurrera ETAren jarduera “bake prozesura” erabat bideratuta zegoela azaldu du Plak epaimahaiaren aurrean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iratxe Sorzabal eta David Pla ETAko kideen kontrako epaiketa astelehen honetan hasi da Pariseko Auzitegian. Biak 2015ean, Ipar Euskal Herrian, atxilotu zituzten, borroka armatua behin betiko utzi behar zutela iragarri eta lau urte geroago.
Hasiera batean, erakunde terroristako buruzagiak izatea leporatu bazieten ere, instrukzioko epaileek froga nahikorik ez zegoela uste eta azkenean delitu hori ez leporatzea erabaki zuten. Ondorioz, jarduera terrorista egotzi diete.
Baigorriko landetxean, 2015eko irailaren 22an, harrapatu zituzteneko inguruabarrei buruz galdekatuko dituzte. Orduan, ikertzaileek desegindako erakundearen buruzagiak zirela uste zuten.
Auzia espetxeratutako ETAko kideen aurkako azken epaiketa izan daiteke Frantzian.
2010etik aurrera ETAren jarduera “bake prozesura” erabat bideratuta zegoela adierazi du Plak epaimahaiaren aurrean. “2010. urtetik, ETAk ez du ekintza armaturik egin, ezta ekintza armatuen helburu izan zitezkeen inguruko informazioa bildu, lehergailuak egin eta iraultza-zerga kobratu ere”, azaldu du.
Plaren ahotan, “2010etik aurrera ETAren jarduera bake prozesuari guztiz lotuta dago”. 10 urteko espetxe-zigorra ezar diezaiokete auzian. Identifikatu nahi izan ez dituen beste kide batzuekin batera, 2010etik aurrera negoziatzen saiatzeko, ordezkaritza osatzeko ardura eman zion ETAren zuzendaritzak, erantsi duenez.
Aieteko konferentziaren ostean, 2011ko urrian, ETAren ordezkaritza Norvegiara joan zen, baina arrazoi formalengatik “Europako herrialde bat” zela esatera mugatu da Pla, “Espainiako Gobernuarekin oinarrizko aurreakordio bat” zegoelakoan.
Erakundea Espainiako zein Frantziako exekutiboekin elkarrizketak martxan jartzen saiatu zen behin baino gehiagotan, “egoera desblokeatzeko helburuarekin”, bere bertsioaren arabera.
2012ko udazkenean, “armategiko zati esanguratsu bat suntsitzeko borondatea agertu zuen ETAk, harremana hasteko Frantziako Gobernuak pertsona bat bidaltzearen truke”.
Hala ere, Parisek ez zuen onartu, erabaki bat hartzea Espainiako Gobernuari zegokiola iritzita. 2012ko amaieran, Mariano Rajoyren exekutiboak “gatazken konponbidean bitartekari ospetsu bat” bidali zuen, “Eliza Katolikoarekin harremanetan”, Plak gaineratu duenez.
“ETArekin bide egonkor eta iraunkor bat zabaltzeko” ardura zuen pertsona horrek, baina Rajoyren exekutiboari “bide hori zertarako nahi zuen” argitzeko eskatu zitzaionean, bitartekaria Madrilera itzuli zen, eta orduz geroztik “irekitako bide hori itxi zuen Espainiako Gobernuak”.
Jean-Serge Nerinen hilketa
Ekintza armatuaren amaiera iragarri eta bost urte geroago, 2015ean, pistolekin eta munizioarekin atzeman zituzten. Horregatik, kontraesanetan aritzea leporatu diotenean, Egiaztatzaileen Taldearekin armak ez erabiltzeko konpromisoa hartu zutela gogorarazi du Plak, eraso bati erantzuteko edo bizia arriskuan zegoelako ez bazen.
Jean-Serge Nerin Frantziako polizia 2010eko martxoan hil zuen ETAk, eta, urtebete geroago, beste jendarme bat zauritu zuen tiroketa batean. Autodefentsa ekintzak izan zirela argudiatu du Plak, eta armak ez erabiltzeko konpromisoa 2011ko irailekoa dela gogorarazi du.
ETAk Nerinen heriotzagatik “atsekabea agertu” zuela eta 2011ko tiroketa “jazo behar ez zen gertakaria” izan zela azpimarratu du Plak.