Dokumentazioa
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa: Kronologia
EFE
Urriaren 1eko erreferenduma, independentziaren aldarrikapena, Puigdemonten erbesteratzea eta politikari katalanen espetxeratzea dira makroepaiketa honi lotutako gertakari garrantzitsuenetako batzuk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kataluniako prozesu independentistaren harian abiatutako prozesu judizialean hainbat mugarri izan dira: 2017ko urriaren 1eko erreferenduma, independentziaren aldarrikapena, buruzagi independentisten erbesteratzea eta kartzelatzeak edo Espainiako eta Europako auzitegien arteko talkak.
Laburbilduz, hauek dira makroepaiketa honi lotutako gertakari eta data aipagarrienak:
2017. URTEA
Irailak 6
- Kataluniako Parlamentuak Erreferendumaren Legea onartu zuen, JxSÍ eta CUPen babesarekin.
- Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak eta Gobernuko kontseilariek urriaren 1ean sinatu zuten erreferenduma deitzeko dekretua.
Irailak 7
- Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen erreferendumaren deialdia, behin-behinean.
- Kataluniako Parlamentuak Trantsizio Legea onartu zuen, talde subiranisten babesarekin.
Irailak 12
- Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen Trantsizio Legea, behin-behinean.
Irailak 17
- Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen Erreferendum Legea, Kataluniari autodeterminazio eskubidea ukatuta.
Irailak 20
- Guardia Zibilaren operazioa Katalunian: Generalitateko hamaika goi-kargudun atxilotu zituzten. Halaber, hainbat kontseilaritza miatu zituzten: Ekonomia, Atzerri, Lan eta Gobernazio kontseilaritzak, hain zuzen ere.
- Milaka herritar Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren aurrean bildu ziren, Polizia Judizialak eraikina arakatzen zuen bitartean.
- Erreferenduma deitzea ahalbidetzeko Kataluniako Parlamentuko Mahaiak hartutako erabakiak bertan behera utzi zituen Auzitegi Konstituzionalak.
Irailak 27
- Konstituzionalak erreferendumerako hauteslekuak ixteko agindua eman zuen.
Urriak 1
- Oztopo judizial eta polizialen gainetik, erreferenduma burutu zen. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak indarkeria erabili zuten hauteslekuetara bozkatzera joan ziren herritarren aurka. Erreferendumean parte hartu zuten herritarren % 90 Kataluniako Errepublika independentearen alde agertu ziren.
Urriak 3
- Felipe VI.a Espainiako erregeak ezohiko agerraldia egin zuen. Ordena konstituzionala, zuzenbide-estatua eta Kataluniako Gobernua bermatzeko neurriak hartzeko deia egin zuen.
- Greba orokorra egin zuten Katalunian.
Urriak 16
- Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, espetxean sartu zituzten Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) eta Omnium Cultural elkarteko presidenteak, irailaren 20ko protestak antolatzea egotzita.
Urriak 27
- Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen. Oposizioak ez zuen saioan parte hartu.
- Espainiako Senatuak Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea onartu zuen, eta Mariano Rajoyren Gobernuak Puigdemont eta Generalitateko kontseilari guztiak kargutik kendu zituen.
Urriak 29
- Carles Puigdemontek Bruselara ihes egin zuen, Poliziak atxilotzea saihesteko. Antoni Comin, Clara Ponsati, Lluis Puig, Meritxell Serret, Dolors Bassa eta Joaquin Forn harekin joan ziren. Azken bi horiek, baina, Kataluniara itzuli ziren, Auzitegi Nazionalean deklaratzeko.
Urriak 30
- Estatuko Fiskaltzak Puigdemont eta Generalitateko gainerako 13 kontseilarien kontrako kereila aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Auzitegi Gorenean, berriz, Carme Forcadell Parlamentuko presidentearen eta Mahaiko bost kideren aurka jo zuen, independentzia aldarrikapena tramitatzeagatik.
- Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen aldebakarreko independentzia aldarrikapena.
Azaroak 2
- Lamela epaileak bermerik gabe espetxera bidali zituen Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea eta zazpi kontseilari (Jordi Turull, Josep Rull, Meritxell Borras, Raul Romeva, Carles Mundo, Dolors Bassa eta Joaquim Forn). Santi Vilari, berriz, 50.000 euroko bermea ezarri zion.
Azaroak 3
- Lamela epaileak Puigdemont eta erbestean dauden gainerako lau kontseilariak atxilotu eta kartzelan sartzeko agindua eman zuen.
- Bermea ordainduta, Santi Vila espetxetik atera zen.
Azaroak 8
- Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zituen independentzia aldarrikapena eta Trantsizio Legea.
Azaroak 9
- Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Forcadell espetxeratzeko agindu eman zuen. Parlamentuko Mahaiko bost kideak bermean aske utzi zituen.
Azaroak 10
- Forcadell kartzelatik atera zen, 150.000 euroko bermea ordainduta.
Azaroak 24
- Llarena epaileak bere gain hartzen du Kataluniako Gobernuko kideen, Jordi Sanchezen eta Jordi Cuixarten aurkako auzia.
Abenduak 4
- Romeva, Mundo, Rull eta Turull kontseilari kargugabetuak espetxetik atera ziren, bermea ordaindu eta gero.
2018. URTEA
Otsailak 17
- Anna Gabrielek (CUP) uko egin zion Auzitegi Gorenean deklaratzeari, eta Suitzara ihes egin zuen.
Otsailak 19
- Marta Rovira aske geratu zen Llarena epailearen aurrean deklaratu eta 60.000 euroko bermea ordaindu ostean.
Martxoak 23
- Epaileak kartzelara bidali zuen Jordi Turull, Generalitateko presidentegai gisa Parlamentuan egin behar zuen agerraldiaren bezperan. Forcadell, Romeva, Rull eta Bassa ere espetxeratu zituzten.
- Epaileak 25 buruzagi independentista auzipetu zituen, eta horietako 13ri matxinada delitua leporatu zien. Artur Mas presidente ohia, Marta Pascal PDeCATeko buruzagi ohia eta Neus Lloveras Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko presidentea auzitik kanpo utzi zituen.
- Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak Suitzara ihes egin zuen. Puigdemont, Rovira eta gainerako erbesteratuak atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen Llarena epaileak.
Martxoak 25
- Alemaniako Poliziak Puigdemont atxilotu zuen, Danimarkatik Belgikara bidean zihoanean. Neumünsterko kartzelan sartu zuten.
Apirilak 5
- Puigdemontek matxinada deliturik ez zuela egin ebatzi zuen Alemaniako Justiziak.
Apirilak 6
- Puigdemont espetxetik atera zen.
Maiatzak 16
- Belgikako Justiziak herrialde horretan dauden kontseilariak Espainiaren esku uztea baztertu zuen, prozedura-akatsak izan zirela argudiatuta.
Ekainak 27
- Auzitegi Gorenak matxinada delitua egotzita auzipetu zituen Kataluniako buruzagi independentistak.
Uztailak 10
- Llarena epaileak amaitutzat eman zuen instrukzio fasea. Erbestean dauden auzipetuak beste pieza batean sartu zituen.
- Puigdemont, Junqueras eta preso dauden lau diputatuei kargu publiko izateko eskubidea kendu zien epaileak.
Uztailak 11
- Preso dauden buruzagi independentistak Kataluniako espetxeetara eraman zituzten.
Uztailak 12
- Schleswig-Holstein Alemaniako estatu federatuko Lurralde Auzitegiak Puigdemont estraditatzea erabaki zuen, baina diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta soilik, eta ez matxinada delitugatik.
Uztailak 19
- Llarena epaileak uko egin zion Puigdemonten estradizioari eta euroaginduak erretiratzea erabaki zuen.
Urriak 25
- Auzitegi Gorenak 18 auzipetuen kontrako ahozko epaiketa abiatzea erabaki zuen.
Azaroak 2
- Fiskaltzak matxinada delitua egotzi zien bederatzi buruzagi independentistari, eta 25 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen Junquerasentzat eta 17 Forcadell eta 'Jordientzat'. Estatuko Abokatuak, berriz, sedizioa leporatu zien eta 12 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen Junquerasentzat.
Abenduak 1
- Hainbat preso politikok gose-grebari ekin zioten, Konstituzionala beren helegiteen tramitazioa atzeratzen ari zelakoan.
Abenduak 5
- Auzitegi Gorenaren 61. Salak, bigarren aldiz, baztertu egin zuen epaimahaiko magistratuak aldatzeko eskaera.
Abenduak 18
- Epaiketaren aurreko gaiak aztertzeko saioa egin zuten Gorenean.
Abenduak 20
- Lau preso politikoek amaitutzat eman zuten gose-greba.
Abenduak 27
- Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen auzia epaitzeko eskumena berea dela, baina Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren esku utzi zituen Parlamentuko Mahaiko eta CUPeko Mireia Boya diputatu ohiarekiko auziak, desobedientzia delitua egotzita soilik auzipetu zituztelako.
2019. URTEA
Otsailak 1
- Gorenak epaiketan deklaratuko duten ehunka lekukoen autoa kaleratu zuen. Besteak beste, Mariano Rajoyk eta Iñigo Urkulluk eman behar zituzten azalpenak. Horrez gain, epaiketan ikuskariak izatea baztertu zuen.
- Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa otsailaren 12an hasiko zela jakinarazi zuen Gorenak.
Otsailak 28
- Erreferenduma egin aurreko udatik "artekari" lanak egin zituela ziurtatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak Goreneko epaimahaiaren aurrean. Bestalde, U1ean Estatuko segurtasun indarrek indarkeria "neurriz eta zentzuz" erabili zutela azaldu zuen Juan Ignacio Zoido Barne ministro ohiak.
Martxoak 12
- Lehendakariak epaiketan emandako testigantza zuzendu eta kontakizunaren "zati bat" falta zitzaiola adierazi zuen Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak. Ondoren, Urkulluk erantzun egin zion Puigdemonti: "Zin egin nuen egia esango nuela, egia esan nuen eta dokumentaturik dago".
Martxoak 27
- Espainiako Poliziaren indarkeriaren aurrean herritarrek izandako jarrera baketsua azpimarratu zuen Bernhard von Grünberg Alemaniako parlamentari ohiak epaiketan. Von Grünberg Katalunian egon zen U1ean, nazioarteko ordezkaritza taldeko kide gisa.
Martxoak 28
- Erreferenduma egin osteko egunetan, Lleidan eta Seu d'Urgellen jasandako "mehatxuak" eta "jazarpena" salatu zuten guardia zibilek epaimahaiaren aurrean.
Apirilak 3
- Erreferendumeko segurtasun dispositiboa "adostu" egin zutela esan zuen Ferran Lopez Esquadra Mossoen bigarrenak.
Apirilak 9
- Carles Puigdemonten Gobernuaren egitasmo independentistan ez zuela "parte hartu, esku hartu eta partekatu" esan zuen Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagiak, eta 2017ko urriaren 1eko "legez kanpoko" erreferendumean ere ez zuela egin gaineratu zuen.
Apirilak 11
- Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull, Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Joaquim Forn auzipetu eta hauteskundeetarako hautagaien behin-behineko askatasun eskaera atzera bota zuen Gorenak aho batez.
Maiatzak 8
- Apirilaren 28ko hauteskundeetan aukeratutako buruzagi independentisten defentsek behin-behineko espetxealdia bertan behera uzteko eta aske uzteko eskatu zuten, diputatu eta senatari gisa lan egin ahal izateko.
Maiatzak 9
- Auzitegi Goreneko Fiskaltza bost presoak aske uztearen aurka agertu zen.
Maiatzak 17
- Gorteak osatu baino lehen, Kongresura eta Senatura parlamentari akta pertsonalki jasotzera joateko baimena eman zien Auzitegiak bost preso hautetsiei.
Maiatzak 19
- Bost presoek parlamentari karguez jabetzeko tramiteak egin zituzten, Poliziaren zaintzapean.
Maiatzak 21
- XIII. Legealdia hasi zen, preso kataluniarrak Kongresuan eta Senatuan zirela.
Maiatzak 24
- Kongresuko Mahaiak lau diputatu independentistak kargutik eten zituen.
Maiatzak 29
- Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart buruzagi independentisten espetxeratzea "bidegabea" dela esan zuen NBEko lantalde batek. Bestalde, Junquerasi 25 urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu zuen Goreneko Fiskaltzak, matxinada eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita.
Maiatzak 31
- Quim Torra Generalitateko presidenteak gutuna bidali zion Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari, preso subiranistak askatzea eskatzeko, NBEko lantaldearen txostena betetzeko. Txosten horren "hanka-sartze" eta "desitxuratzeak" salatu zituen Espainiako enbaxadoreak Genevan, NBEren aurrean.
Ekainak 3
Ia lau hilabeteren ondoren, proces auziko epaiketa amaitzear dago. Akusazioek azken txostenak aurkeztu zituzten.
Ekainak 4
- Politikari independentisten aurkako sedizio akusazioa defendatu zuen Estatuko Abokatutzak, baina matxinada baztertu zuen, nahiz eta Fiskaltzak eskatu.
- Iñigo Urkullu lehendakariak eta Roger Torret Kataluniako Parlamentuko presidenteak bilera egin zuten Gasteizen. "Elkarrizketaren kultura ezartzeko zailtasunak" azpimarratu zituzten.
- Gorenak ez zion espetxetik ateratzeko baimenik eman Jordi Sanchezi Felipe VI.a erregearekin biltzeko.
Ekainak 9
- Defentsak matxinada eta sedizio akusazioak gezurtatzen saiatu ziren, eta oinarrizko eskubideen ariketa aldarrikatu zuten.
Ekainak 12
- Auzia epaiaren zain geratu zen Auzitegi Gorenean, epaiketa hasi eta lau hilabetera. Akusatuen azken hitzak 12 esalditan.
Ekainak 14
- Eurodiputatu hautetsi gisa Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean Konstituzioari men egitea onartzeko kartzelatik ateratzeko baimena eskatu zuen ekainaren 17an Oriol Junqueras presidenteorde ohiak, baina epaimahaiak ukatu egin zion.
Ekainak 21
- Proces auziko zazpi auzipetu aske uztea errefusatu zuen Gorenak, nahiz eta epaiketa bukatu, "prozesu penalaren xedeak babesteko beharrezkoa" zelako.
Ekainak 26
- Auzitegi Gorenean epaitutako zazpi buruzagi independentistak berriro Kataluniako espetxeetara eramaten zituzten, epaiaren zain.
Uztailak 1
- Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiaren immunitatea argitzeko eskatu zion Gorenak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari (EBJA).
Urriak 14
- 'Prozes' auziaren epaia: Auzitegi Gorenak 13 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Oriol Junquerasi, 12koa Jordi Turulli, Raul Romevari eta Dolors Bassari, 11 urte eta erdikoa Carme Forcadelli, 10ekoa Josep Rull eta Quim Forn kontseilariei eta 9koa Jordi Sanchezi eta Jordi Cuixartei, sedizio delitua leporatuta.