Itxi

Pariseko Auzitegia

Frantziak 7 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Sorzabali, eta 5 urtekoa Plari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

“Borrokaren logika hausteko” etorkizunera begiratzea eskatu dute Plak eta Sorzabalek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Frantziako Justiziak Iratxe Sorzabali zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri dio astearte honetan, eta bost urteko espetxe-zigorra David Plari. Espainiako Gobernuarekin negoziatzen saiatu zen ETAko ordezkaritzaren kideak izan ziren biak, 2011n borroka armatua behin betiko utzi ondoren.

Pariseko Auzitegiak errudun jo ditu. Sorzabali hamabi delitu leporatu dizkiote, eta Plari sei.

Sorzabal (Irun-Gipuzkoa, 1971) eta Pla (Iruñea, 1975) 2015eko irailaren 22an atxilotu zituzten Baigorriko (Nafarroa Beherea) landetxe batean. Ramon Sagarzazu talde politikoko buruzagi ohiarekin hitzordua zuten bertan. Hasiera batean, Sagarzazu bera ere atxilotu zuten, baina gero aske utzi eta auzia azkar artxibatu zuten.

Zigor guztiak bete ondoren, Sorzabal Frantziatik kanporatzeko agindua eman du epaimahaiak.

Teorikoki atxilotu zutenetik gehienez hamar urte bete beharko ditu Sorzabalek espetxean, baina praktikan gutxiago izango dira, zigorra kentzeari esker.

Hala ere, Sorzabal Espainiaratzea eskatu du bertako Justiziak. Zehatzago, hiru estradizio eskaera egin ditu Espainiak 1995ean eta 1996an egindako atentatuengatik. Dagoeneko Frantziak horietako bi onartu ditu, eta hirugarrena tramitazio prozesuan dago.

Sorzabal: "Ezin dugu iragana aldatu, baina eraiki nahi dugun etorkizuna erabaki dezakegu"

Pla, ostera, ez dute Frantziatik kanporatuko familia-loturak dituelako (bere alabak Ipar Euskal Herrian ikasten du). Zigorra kentzeari esker, “datozen asteetan” espetxetik atera beharko litzateke, Xantiana Cachenaut abokatuak azaldu duenez, Fiskaltzak gaurko ebazpenari helegitea aurkezten ez baldin badio.

Zigorrak Fiskaltzak eskatutakoaren azpitik daude; izan ere, Sorzabali bederatzi urte eta Plari sei urteko zigorra ezartzea eskatu zuen fiskalak.

“Borrokaren logika hausteko” etorkizunera begiratzea eskatu dute Plak eta Sorzabalek. “2010etik bake prozesu bat sortzeko saiakera zintzo bat izan dela dio errealitateak”, adierazi du Plak gaztelaniaz, epaileek azken hitza eman diotenean.

“Gatazkan sufritu duten pertsona guztiak kontuan izan behar ditugu, baina hori ezin daiteke gatazka egoera elikatzen jarraitzeko arma bezala erabili”, esan du Plak.
Prozesua arrakastarekin bukatzeko eragile guztiak, justizia barne, inplikatu behar direla erantsi du Sorzabalek.

“Ezin dugu iragana aldatu, baina eraiki nahi dugun etorkizuna erabaki dezakegu”, eta “guk bakearen eta askatasunaren alde lan egiten jarraituko dugu”, azpimarratu du.


Albisteak (1)

Bideoak (1)