Itxi

Estrasburgo

Sanchezek Espainiako Justiziaren independentzia defendatu du Europan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Espainiako gobernuburuak Estrasburgora egin duen bisitak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketarekin zerikusirik ez duela ziurtatu du Moncloak.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Estrasburgon. Argazkia: EFE

Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketa hasteko bost egun falta direnean, Pedro Sanchez gobernuburuak Espainiako sistema judizialaren bermeak defendatu ditu Europako Kontseiluaren eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren aurrean.

Sanchezek bi erakundeak bisitatu ditu ostegun honetan. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia bisitatzen duen aurreneko gobernuburu espainiarra izan da. Exekutiboko iturriek azpimarratu dutenez, jardunaldiak hilabeteak eman ditu agendan, baina Auzitegi Gorenean datorren asteartean hasi beharreko epaiketaren bezperan gertatu da.

Zabaldu nahi dituzten “kontakizun faltsuen” aurrean, Espainia “erabateko demokrazia” bat da, botere bereizketa eta herritarren eskubideak bermaturik daudelako, adierazi du Sanchezek Kontseiluko Ministroen Batzordearen aurrean.

Kataluniako politikarien aurkako epaiketari Espainian gaur egun dagoen ekaitz politikoa gehitu behar zaio, Gobernuak Katalunian alderdi politikoen mahaiko elkarrizketak zuzentzeko “errelatore” bat onartu ondoren.

Buruzagi sozialistak ez du gaia aipatu, baina gainerako alderdiei mezuak bota dizkie bere hitzaldian. “Akordioaren gainetik iskanbila lehenetsi” eta “adostasunen aldebakarreko hausturari” eusten zaionean, demokrazia “ahuldu” egiten dela ohartarazi du Sanchezek.

Dena den, Sanchezek Estrasburgora egin duen bisitak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketarekin zerikusirik ez duela ziurtatu du Moncloak.

Igandeko manifestazioa

Bestalde, Katalunian ikusten ari direna “ETAren agenda” dela esan du Pablo Casado PPko buruzagiak. Horregatik, igandean Madrilgo Colon plazan “herritarren mobilizazioa” izatea eskatu du, Exekutiboko presidenteari “aski da” esateko. Sanchez “traidore bat” eta “arrisku nazional bat” dela gaineratu du Casadok.

Igandeko elkarretaratzea babesten duten alderdiak (PP, Ciudadanos eta Vox) hitzorduaren xehetasunak prestatzen ari dira. Horrela, “Espainia batu baten alde. Hauteskundeak berehala!” lelopean egingo dute Gobernuaren aurkako protesta.

Albisteak (4)