KATALUNIA
Independentistekin elkarrizketa 'geldituta' dagoela onartu du Espainiako Gobernuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carmen Calvo presidenteordeak jakitera eman duenez, "alderdien mahaia eta errelatorea ukatu dituzte alderdi independentistek", baina ez du negoziaketa bukatutzat eman.
Kataluniako independentistek Espainiako Gobernuak proposatutako elkarrizketa markoa errefusatu dutela esan du Carmel Calvok, Espaniako Gobernuaren presidenteordeak eta Berdintasun ministroak. Alderdien mahaia eta errelatore bat esku hartzea proposatzen zuen Gobernuak.
"Autodeterminazio erreferendum bat onartzea proposatzen zuten alderdi independentistak, eta ez da onargarria", ohartarazi du Calvok. "Momentuz, egoera geldituta dago", esan du.
"Gobernu honek ahal diren zubi guztiak eraikitzeko erabaki sendoa hartu du, baina momentu honetan, alderdi independentistek ez dute proposatu dugun markoa onartu", esan du Ministroen Kontseiluaren ostean.
Gobernuak Kataluniako indar politikoei helarazi dion proposamena azaldu du Calvok. Elkarrizketa marko bat ezartzea proposatu die: otsaila bukatu baino lehen alderdien mahai bat osatzea —Estatuan eta Katalunian erabaki ahalmena duten alderdi bakoitzeko bi ordezkarirekin— eta "lanen koordinazioa errazteko" bitartekari baten parte hartzea.
Pedro Sanchezen Gobernuak Estatutuaren aldebiko Batzordea berreskuratu duela gogorarazi du Calvok, eta aurreko Gobernuri "erantzukizun falta" leporatu dio 7 urtean ez deitzeagatik. Espainiako Exekutiboa Generalitatearekin bi aldiz bildu dela esan du, eta telefono bidezko beste harremanak ere izan dituztela.
Talde independentistek Gobernuaren "markoa ez dutela onartu" azpimarratu du Calvok. Beraz, Exekutiboak "Kataluniako benetako agenda politikoarekin" jarraituko duela esan du, hau da, kataluniarren eta espainiarren arazoak konpontzearena.
Gobernuak dokumentu bat banatu die kazetariei. Carmen Calvoren hitzetan, "elkarrizketen eta bileren" da, eta Kataluniako Gobernua sostengatzen duten alderdi politikoekin "bi marko instituzional" bilatzeko "eginahalaren" emaitza da dokumentua.
PPk ez dio Gobernuari sinesten, eta manifestazioaren deialdiari eutsi dio
Alderdi Popularrak ez du sinesten Pedro Sanchezek independentistekin elkarrizketa apurtu duenik, eta "onartezina" iritzi dio "errelatorea eta alderdien mahaia mantentzeari", "askatasun sistemari egindako erasoa" delako.
"Ezin da sinetsi. Gezurraren Gobernua da", esan du Carlos Florianok, Kongresuko Talde Popularraren bozeramaileak.
"Espainia osoan independentistek nahi zutena ez zekiten bakarrak izango dira", esan du ironiaz Florianok, gogoratuz Quim Torra presidenteak berak abenduaren 20an Sanchezi idatziz helarazi ziola autodeterminazio erreferendum bat eskatzen zuen dokumentu bat.
Horrela, PPk, Ciudadanosek eta Voxek iganderako Madrilen deitu duten manifestazioa, hauteskundeak aurreratzeko eskatzeko, "inoiz baino beharrezkoagoa" da popularrarentzat.
Muturreko eskuinaren babesa
Manuel Vallsek, Frantziako lehen ministro ohiak eta Bartzelona alkatea izateko hautagaiak, "Konstituzioa eta Espainiako batasuna defendatzeko" manifestaziora "konplexurik gabe" joango dela esan du.
PP, Ciudadanos eta Vox alderdiez gain, Falange, Hogar Social eta España 2000 erakunde ultraeskuindarrek Pedro Sanchezen Gobernuaren aurkako manifestaziora joango direla baieztatu dute.