RADIO EUSKADI
Hauteskundeak aurreratzeak transferentzien prozesua zailduko lukeela esan du Elorzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauteskunde orokorren balizko aurrerapenaren inguruan ez duela espekulatu nahi esan du, baina argi utzi du Espainiako Gobernuak aurrekontuak adostea lortzen ez badu, egoera asko korapilatuko dela.
Aurrekontu orokorrak ez adosteak Espainiako Gobernua ataka estuan jarriko duela esan du Odon Elorza PSOEren diputatuak Kongresuan. Horren arabera, 2019ko aurrekontuen inguruan akordiorik lortzen ez bada, Pedro Sanchezen Gobernuak "hauteskunde orokorrak noiz deituko dituen" pentsatzen hasi beharko du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpenok buruzagi sozialistak. Besteak beste, aurrekontuak, hauteskunde orokorrak eta gaur PP, VOX eta Ciudadanos Mdrilen egiten ari diren protestaren inguruan hitz egin du.
Sanchezen Gobernuak "presioari eutsiko" diola esan du Elorzak, eta Kataluniako gatazkari konponbidea emateko "elkarrizketa" lehenesten jarraituko duela ziur agertu da. Halaber, Espainiako Presidenteak atzo esandakoak berretsi ditu, aurrekontuak onartzeko Quim Torrak mahai gainean jarri dituen baldintzak ez direla onargarriak esanez. "Elkarrizketa bai, baina Konstituzioa kontuan hartuta", adierazi du .
Hauteskundeak aurreratzeko aukerari buruz galdetuta, PSOEko diputatuak onartu du Kataluniako alderdi independentistekin adostasun batera iristea "ia ezinezkoa" dela, eta, beraz, aurrekontuak aurrera ateratzea ere hala izango dela.
"Torrak mahai gainean jarritako baldintzak ez ditu onartuko PSOEk, eta horrenbestez, zaila izango da, ezinezkoa ez esateagatik, aurrekontuek aurrera egitea. Halere, hori baino gauza zailagoak ikusi ditugu", ohartarazi du.
Hauteskunde orokorren balizko aurrerapenaren inguruan ez duela espekulatu nahi esan du, baina argi utzi du Espainiako Gobernuak aurrekontuak adostea lortzen ez badu, egoera asko korapilatuko dela, eta horrek eragin zuzena izango duela EAEra eskualdatzeko dauden transferentzien gainean.