Auzitegi Gorena
Eusko Legebiltzarrak ordezkaritza bidaliko du buruzagi katalanen aurkako epaiketara
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ordezkaritza EAJko eta EH Bilduko parlamentariek osatuko dute: Joseba Egibar, Ana Oregi, Iñigo Iturrate, Maddalen Iriarte, Jone Goirizelaia eta Julen Arzuaga.
Eusko Legebiltzarrak ordezkaritza bat bidaliko du Kataluniako prozesu independentistagatik astearte honetan Auzitegi Gorenean abiatuko den epaiketara.
EAJren izenean, Joseba Egibar, Ana Oregi eta Iñigo Iturrate joango dira. EH Bilduren ordezkaritza, berriz, Maddalen Iriartek, Jone Goirizelaiak eta Julen Arzuagak osatuko dute. Txandaka joango dira Madrilera.
EAJ eta EH Bilduren babesarekin, Legebiltzarrak joan den abenduaren 20an onartu zuen epaiketara ordezkaritza bat bidaltzea, eta Bakartxo Tejeria Ganberako presidenteari horretarako beharrezkoak ziren izapideak egin zitzala agindu zion.
Horrez gain, EAJko eta EH Bilduko diputatuak eta senatariak ere Auzitegi Gorenaren atarian izango dira, auzipetu guztiei beren babesa eta elkartasuna adierazteko.
EH Bildutik Marian Beitialarrangoitia, Oskar Matute eta Jon Iñarritu joango dira, eta EAJ Aitor Estebanek ordezkatuko du.