Itxi

EPAIKETA AUZITEGI GORENEAN

Zirkulazioa lehengoratu dute Katalunian, CDRek hainbat errepide itxi ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

CDR errepublikaren defentsarako batzordeek pneumatikoak erre dituzte lehen orduan AP-7 autobidean, Gironan eta Bartzelonan. Halaber, Gran Via kalea eta Diagonal etorbidea ere itxi dituzte.

Errepublikaren defentsarako batzordeek AP-7 autobidea itxi dute San Celoni parean. @CDRCatOficial

Zirkulazioa lehengoratu dute astearte goizean Katalunian, goizeko lehen orduan CDR errepublikaren defentsarako batzordeek hainbat tokitan trafiko eten ostean. Auzitegi Gorenean gaur abiatu den Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa salatzeko egin dituzte protestak.

CDR errepublikaren defentsarako batzordeek trafikoa eten dute goizeko lehen orduan Kataluniako hainbat tokitan: AP-7 autobidean, Gironan eta Bartzelonan, C25 errepidean, eta Bartzelonako Gran Vian eta Diagonal etorbidean.

Kataluniako Zirkulaziorako Zerbitzuak jakinarazi duenez, goizeko zortzietan AP-7 autobidea itxita zegoen 102 eta 104 kilometroen artean, Sant Celoni (Bartzelona) parean. Halaber, auto-ilarak zeuden Sant Celoni eta Hostalric (Girona) artean. Dena dela, egoera bere onera itzuli da 10:30erako.

C-25 errepidean, halaber, pneumatikoak erre dituzte 07:35ean, Santa María d'Oló (Bartzelona) udalerrian. Kasu horretan, trafikoak 10:00etarako berreskuratu du ohiko joan-etorria.

Errepideak mozteaz gain, protestak egin dituzte Bartzelonako Gran Via kalean, Glorias plazaren parean, eta auto-ilara luzeak sortu dira Bartzelonako sarreran. Diagonal etorbidean ere arazoak sortu dira bi noranzkoetan, protestan aritu diren pertsona batzuk kontzentratu baitira. Hala ere, puntu horietan ere zirkulazioa lehengoratu dute dagoeneko.


Bartzelonako Gran Via itxi du pertsona talde batek. Argazkia: @CDRCatOficial

CDR errepublikaren defentsarako batzordeek mobilizazioetara batzeko dei egin diete herritarrei. Horrez gain, "askatasunaren bidean" normaltasunarekin haustea aldarrikatu dute.

Albisteak (3)