Itxi

'PROCES' Auzia

Epaiketa 'justu eta inpartziala' espero du Eusko Jaurlaritzak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Josu Erkorekaren esanetan, "arazo politiko eta instituzionalak bideratzeko modua ez da sekula epai bidezkoa izan behar".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Urriaren 1eko erreferenduma antolatu eta Kataluniaren independentzia aldarrikatu zuten hamabi buruzagi independentisten epaiketa "justua eta inpartziala" izatea espero duela esan du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, astearte honetan.

Jaurlaritzaren ustez, "arazo politiko eta instituzionalak bideratzeko modua ez da sekula epai bidez izan behar eta, horrenbestez, epaitegietatik atera behar dira".

Epaiketen ordez "elkarrizketa eta aniztasun politikoa" izan behar duela esan du Erkorekak.

Horrez gain, epaiketaren nondik norakoak ezagutzeko "interes eta ardura" handia duela gaineratu du Jaurlaritzako bozeramaileak, "ikuspuntu politikotik auzia bideratzerakoan eztabaidagarriak diren erabaki asko hartu baitira".

Esaterako, Auzitegi Gorenaren eskumena eztabaidagarria dela esan du, "epaituak izaten ari diren gehienak forudunak baitira, baina ez Auzitegi Gorenekoak, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusikoak baino".

Halaber, "behin-behineko espetxeratzeen inguruan hartutako erabakiak eztabaidagarriak direla" uste du Erkorekak. Bestalde, auzipetutakoei egotzitako asaldatze delituaren harira, "ezberdinak dira beste herri batzuetan hartutako ebazpenak".

Urkullu: "Epaiketak ariketa politikoaren porrotik handiena agerian utzi du"

Iñigo Urkullu lehendakariaren ahotan, epaiketak “ariketa politikoaren porrotik handiena” agerian utzi du. Horregatik, “distentsio agertoki berri bat” erraztea eskatu du, “elkarrizketa politikorako zubiak berreraikitzeko”, “sekula apurtu behar izan ez direlako”.

Urkulluren hitzetan, “egungo markoekiko errespetutik” abiatuta, eta “anatemarik planteatu gabe”, Estatuaren “errealitate plurinazionala” aitortzeko “erreforma batean sakontzeko” beharra “mahai gainean jarri du berriro” prozesu judizialak.

“Proces auziaren argudioarekin, Katalunian erantzukizuna zuten politikariak eta elkarteetako ordezkariak epaitzen ari dira, 2017ko urriak 1aren harira erabaki politikoak hartu zituztelako”, gogorarazi duenez.

Lehendakariaren esanetan, bederatzi auzipeturen behin-behineko espetxealdia “atariko” bezala izan du epaiketak; horrek “koste pertsonal eta familiar bat izan du dagoeneko, konpontzen oso zaila”. “Epaiketa hau ez zen sekula egin behar”, azpimarratu du.

Zentzu horretan, Auzitegi Goreneko epaiketa “aldez aurretiko tramiteetan ebatzi” beharko luketela uste du lehendakariak, une horretatik bertatik “bide politikoen aldeko apustua berresteko aukera bezala aprobetxatzeko”.

“Hau da, elkarrizketa eta negoziazioa, esparru politikoan zein erakundeetan, herritarren borondatearen adierazpen demokratikoa direlako”, zehaztu duenez.

Besteak beste, epaiketak “berriro mahai gainean jarri du Estatu ereduaren krisia eta errealitate plurinazionalaren aitortzan oinarritzen den erreforma batean sakontzeko beharra”, erantsi du.

“Epaiketak berak ariketa politikoaren porrotik handiena begi-bistan utzi du”, errepikatu du Urkulluk. “Blokeoa gainditzea eta aldebakarreko erabakiak hartzeari uztea” beharrezkoa dela uste du.


Albisteak (1)

Bideoak (3)