A28 hauteskundeak
Euskal alderdien adierazpenak hauteskunde aurrerapenaren harira
agentziak | erredakzioa
EAJ "pozik" eta "prest" agertu da, eta iragarri du egungo diputatuak izango direla zerrendaburu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EH Bilduk Sanchezi eskatu dio ez egozteko beste batzuei "bere ardura".
EAJ "pozik" eta "prest" agertu da apirilaren 28ko hauteskunde orokorrei begira, eta hurrengo legegintzaldian "protagonista" izateko asmoa erakutsi du.
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak gogorarazi du bera eta gainerako lau diputatuak izango direla zerrendaburu EAEko hiru lurraldeetan.
Estebanen ustez, hurrengo legegintzaldian "politika asko" egin beharko da, eta "egoera horretan EAJ protagonista izango da".
Bestalde, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak azpimarratu du Pedro Sanchez ez zegoela hauteskundeak aurreratzera "behartuta", eta "ziurrenik hauteskunde kalkuluengatik" jokatu duela horrela.
Koalizioak zabaldutako bideoan azaldu duenez, "nekez" lepora diezaieke aurrerapenaren ardura "beste batzuei, eta are gutxiago independentista kataluniarrei".
"Baina baliteke hori beste pauso bat izatea marraztu nahi duen kontaketaren ibilbidean; izan ere, aurrekontuak babesik gabe aurkeztu zituen, kontrakoa esan arren, eta ez du ezer egin babesak lortzeko", berretsi du.
Alfonso Alonso PPren EAEko buruzagiaren ustez, Pedro Sanchez "EAJk jarri zuen presidente. Urkulluren burutazioa izan zen, erabat okerra zen apustu estrategikoa", eta bere esanetan, Espainiari eta EAEri kalte egin die.
Alonsoren arabera, EAJk eta lehendakariak "akats handia" egin zuten "Espainian eta Euskadin ezegonkortasun aroa" irekita.
Horren harira, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak "Eusko Legebiltzarrean zuen gehiengoa galdu" egin duela, "PPk egonkortasuna ematen ziolako".