Itxi

ALTSASUKO AUZIA

Altsasuko epaia berrikusita, martxoan jakinaraziko du erabakia Auzitegi Nazionalak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

2016ko urriaren 15ean Altsasun gertaturikoa ekintza terrorista izan zen ala ez argitu beharko du Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren epaiak.

Manifestazioa Iruñean, Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatzeko. Artxiboko argazkia: EFE

Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak martxoaren hasieran jakinaraziko du Altsasu auziko epaiaren aurka aldeek aurkeztutako helegiteei buruzko erabakia. Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak 2 eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien Altsasuko gazteei, 2015eko urriaren 15ean Nafarroako herrian gertatutako liskarrengatik. Altsasun gertaturikoa ekintza terrorista izan zen ala ez esan beharko du Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak.

Europa Press albiste-agentziak iturri juridikoak aipatuz zabaldu duenez, Aretoa osatzen duten hiru magistratuek —Jose Ramón Navarro, Enrique Lopez eta Eloy Velasco— erabakia hartu dute dagoeneko, eta ebazpenean azalduko dituzten argudioak ere adostu dituzte.

Jose Ramon Navarro magistratua, Auzitegi Nazionaleko presidente ere badena, izango da epai honen txostengilea. Iturri juridikoek zabaldutako informazioaren arabera, pare bat astean egongo da prest.

Apelazio Aretoak bere erabakia jakinarazten duenean, aldeek Auzitegi Gorenera jo ahal izango dute. Epaitutako gertaerak ekintza terrorista diren ala ez ebatzi beharko du Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak. Fiskaltzak ekintza terroristaren argudioa defendatzen du. Zortzi gazteen abokatuek, ostera, taberna bateko liskarra izan zela argudiatu dute.

Hirugarren aukera gisa, litekeena da epaimahaiak epaia dagoen bezala uztea eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioaren ebazpena babestea. Auzitegiak ez zuen terrorismo zantzurik ikusi orduan gertakari horietan, baina zigor handiak ezarri zizkien gazteei.

Albisteak (4)