Itxi

'Proces' auzia

Jordi Sanchez: 'Ez dago demokrazia itoko duen legerik'

eitb.eus

Leer en Castellano

Bozketa aurretik edo ondoren ANCko kideek hautetsontziak gorde zituztela ukatu du Sanchezek. Non zeuden ez zekiela erantsi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

“Legerik gabeko demokraziarik ez dago, ezta demokrazia itotzen duen legerik ere”, ohartarazi du Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak Auzitegi Gorenean, proces auziko epaiketaren seigarren saioan.

U1eko erreferendumean parte hartzea eta bozkatzea eragozteko fiskal edo epaile baten jakinarazpenik “sekula” jaso ez zutela argi utzi nahi izan du Sanchezek.

"Ez genuen sekula jarduerak debekatuta zeudela zioen Fiskaltzaren edo epaitegiren baten jakinarazpenik jaso; ez nik, ez ANCk, ezta Omniumek ere”, azaldu du Sanchezek erreferendumaren antolakuntzari eta bertan parte hartzeari dagokionez.

Sanchezi matxinada delitua egotzi dio Fiskaltzak, eta 17 urteko espetxe zigorra ezartzea eskatu du. ANCko presidente ohia 2017ko urriaren 16az geroztik dago preso.

Orain arteko galdeketarik tirabiratsuenean, ANCk eta Omniumek botoa sustatzeko orduan parte-hartze “oso aktiboa” izan zutela onartu du Sanchezek, Javier Zaragoza fiskalaren aurrean.

Sanchezen ahotan, Mercedes Armas Kataluniako Auzitegi Nagusiko epailearen ebazpenean “ez dago herritarren parte-hartzea debekatzeari erreferentziarik ”. “Orduan, non dago delitua?”, galdetu du. Erreferendumerako lokal publikoak erabiltzea eragozteko eskatzen zien Armasek Estatuko segurtasun indarrei.

“Erreferendum legea formalki bertan behera utzi baldin bazuten, bere erakundeetan konfiantza duen Estatu batek ez dio herritarren ekintza zibiko bati beldurrik izan behar, boto-txartelak hautetsontzi baten barruan sartzeko asmoa baino ez baitzuten”, gaineratu du.

Jordi Sanchez: "Bere erakundeetan konfiantza duen Estatu batek ez dio herritarren ekintza zibiko bati beldurrik izan behar"

Bestalde, bozketa aurretik edo ondoren ANCko kideek hautetsontziak gorde zituztela ukatu du Sanchezek. Non zeuden ez zekiela erantsi du. Hala ere, Asanbladak herritarren artean boto-txartelak banatu zituela onartu du.

Gainera, 2017ko irailaren 20an, irratian zein Twitter sare sozialaren bidez Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean mobilizazio bat deitu zuela onartu du ANCko presidente ohiak, miaketen aurka protesta egiteko.

Kontseilaritzaren egoitza miatzeko agindu judiziala Kataluniako erakundeen aurkako erasotzat hartu zuen galdetu dio fiskalak. Mobilizazioa soilik Bartzelonako Instrukzio Epaitegiaren erabakiaren kontra “protesta egiteko” deitu zuela azaldu du Sanchezek, “erakundeak defenda ditzagun” lelopean. Beste eragile batzuek protesta deitu eta babestu zutela gogorarazi du herri mugimenduko buruzagi ohiak. Besteak beste, CCOO, UGT eta Kataluniako unibertsitate publikoetako errektoreak aipatu ditu.

Esanguratsua dela nabarmendu du Sanchezek, izan ere, “orduko inguruabarrak eta testuinguru sozial eta politikoa kontuan hartu gabe gertakariak gaur epaitzea ezinezkoa da”. ANCko presidente ohiaren hitzetan, Bartzelonako epaitegi horrek hilabeteak zeramatzan eginbide sekretuak aurrera eramaten, eta oso “polemikoak” izan ziren.

“Guzti horrek haserrea sortu zuen, eta protesta bat deitzea erabaki genuen, ANCren mandatua hori zelako”, azaldu du Sanchezek. Erabaki judizialak “errespetatu behar dira, baina horien aurka protesta egitea zilegi da”, erantsi du.

Azkenik, Ekonomia Kontseilaritzan zeuden Guardia Zibilaren autoetan “arma luzeak” zeudela jakinarazteko Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagiari deitu ziola nabarmendu du Sanchezek, berak armak babesteko erantzukizunik ez zuelako.

Santi Vila Kataluniako Enpresa kontseilari ohia Auzitegi Gorenean. Argazkia: EFE

Santi Vila Kataluniako Enpresa kontseilari ohiak 10:00etan hartu du hitza prozesu independentista epaitzeko saioan. Bertan, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean "bi milioi eta erdi kataluniar etxean geratu zirela" azaldu du. Horregatik, Carles Puigdemonten gobernua "guztiena" izan ez zela esan du atsekabetuta.

Ordu eta laurden iraun du Fidel Cadena fiskalak Vilari egindako galdeketak. Hasiera batean, erreferendumaren ostean PSOEko goi karguekin eta Espainiako Gobernuarekin egindako bitartekari lanei buruz mintzatu da. "Talka eragozte aldera eta tentsioa baretzeko asmoz, sektore erlijiosoekin eta enpresariekin ere jarri nintzen harremanetan", azaldu du.

"Zenbaitzuk azken unera arte pentsatu genuen urriaren 1eko erreferenduma egingo ez zela. Adineko andreak lurrean botata ikusteak eragindako mina bizi osoan sentituko dugu, baina aste haietan autogobernuaren galarazpena saihesteko konpromisoa hartu genuen askok", gaineratu du.

Puigdemonten Gobernua "guztiena" izan ez zela esan du Vilak atsekabetuta

2017ko urriaren 26an, aldebakarreko independentzia adierazpena sinatu baino egun bat lehenago, dimisioa ematearen zergatia ere kontatu du epaiketan, "porrot egin izanaren sentsazioa" zuela argudiatuta. Halaber, onartu du urriaren 27eko gauean "bakea" sentitu zuela Kataluniako Gobernuak aldebakarreko erabakirik hartuko ez zuela uste zuelako. Nolanahi dela, "kanpotik etorritako mesfidantza eta tentsioa hain gogorrak izateak dena okertu zuen".

Ildo horretan, "urriaren 1az geroztik mugimendu soberanistaren baitan desadostasunak egon zirela" aitortu du

Bestalde, argi utzi du Carles Puigdemonten gobernutik inork ez zuela Auzitegi Konstituzionalaren erabakirik itzuri, galdeketa egiteko bultzatutako proposamen guztiek "huts egin" baitzuten. Horrela, Vilaren esanetan erreferendumaren legea bertan behera utzi zutenean galdeketa "mobilizazio politiko" bihurtu zen. Harrezkero, "ez nuen gehiago erreferendum gisa onartu".

Horrez gain, Vilak gogorarazi du Carles Puigdemonten legealdia hasi zenean "herritarren eta zenbait alderdi politikoren presioa oso handia" izan zela. Are, batzuek aldebakarreko erabakiak hartzera bultzatu zuten Gobernua, Vilak nabarmendu duenaren arabera.

Azkenik, azpimarratu du berak zuzendutako kontseilaritzatik behintzat ez zela urriaren 1erako diru publikorik bideratu. "Suposatzen dut, besteak beste, Kataluniako enpresariek jarri zutela dirua", berretsi du.

Albisteak (3)

Bideoak (2)