Euskal Estatutua
Transferentziak berehala egiteko eskatu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adierazpen bateratu batean, hiru alderdiek ohartarazi dute Senatuak onartu duen mozioa "oso larria" dela, Gernikako Estatutua ez betetzeko eskatzen diolako Espainiako Gobernuari.
Transferitu gabe dauden eskumenak Eusko Jaurlaritzaren esku ez uzteko eskatu zion atzo Senatuak Espainiako Gobernuari. Mozioa Alderdi Popularrak bultzatu zuen, eta Foro Asturias, Ciudadanos eta UPN alderdiek babestu zuten.
Gaur, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazpen bateratu bat egin dute mozio hori salatuz eta Gernikako Estatutuko transferentziak "berehala" gauza daitezela exijituz.
EH Bilduk adierazpen instituzional bat egitea proposatu du, baina ezinezkoa izan da, horrek talde parlamentario guztiak ados egotea eskatzen baitu, eta PSE-EE eta PP kontra agertu dira.
Horrenbestez, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek testu bat adostu dute, Senatuaren mozioa "oso larria" dela ohartaraziz.
Hiru alderdien iritzian, Gernikako Estatua ez betetzea eskatzen ari da Senatua, "eta hori jauzi kualitatibo larria da, zentralizazioaren eta inboluzio demokratikoaren bidean".
Gernikako Estatutua lege bat dela eta Espainiako Gobernuak bete egin behar duela adierazi dute, eta, beraz, falta diren eskumenak, Gizarte Segurantzarena eta espetxeetakoa tartean, "berehala" transferitzeko exijitu dute.
Horrez gain, Senatuaren adierazpenak Estatuaren lurralde antolakuntza eredua "agortuta" dagoela erakusten duela uste dute, eta, ondorioz, Espainia "plurinazionala" dela aitortu eta "erabakitzeko eskubidea" bermatuko duen eredu berri bat diseinatzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute.
Maddalen Iriartek esan du Senatuaren adierazpenari "erantzun instituzional sendoa" eman behar zaiola; Lander Martinezen arabera, Alderdi Popularrak Voxekin lehiatu nahi du, eta horretarako euskal gizartea jarri du "jomugan"; eta Joseba Egibarrek mozioa "oso larria" dela berretsi du.
Aurrez, Iñigo Urkullu lehendakariak ere "oso larritzat" jo du Espainiako Senatuaren eskaria. Lehendakariaren esanetan, "muga guztiak gainditzen dituen burugabekeria da".
Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak eskaria egin die PPko kideei, EAEkoei bereziki, Gernikako Estatutua, Espainiako Konstituzioa eta "Espainiarentzat zein proiektu babesten duten" argi dezaten.
Alfonso Alonsok, berriz, EAEko PPk mozioaren "puntu guztiak" babesten dituela esan du. Gainera, eskumenekiko alderdiaren jarrerak aldaketarik jasan ez duela azaldu du.
Ildo horretan, Borja Semper PPko Gipuzkoako presidentearen hitzetan, haserre dago transferitu gabe dauden eskumenen kontuak piztutako eztabaida politikoa dela eta, "hauteskunde-kanpainaren erdian, oso gai mamitsua baita".