Hauteskundeak
Ortuzarrek dio Estatutua ukatzen dutenek ez dutela euskal herritarren botorik merezi
agentziak | erredakzioa
Bere esanetan, Alfonso Alonso PPren EAEko presidenteak "erabateko erridikulua" egin du, EAJk eta Jaurlaritzak aldarrikatzen dutena "haiek (PPk) ere babestu baitute".
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak PPri erreferentzia eginez adierazi duenez, "Estatutua ukatzen duenak, Euskadik bere eskumenak izatea errefusatzen duenak, ez du euskal herritarren babesa merezi".
Ortuzarrek Gasteizen egin ditu adierazpenok, Gorka Urtaran alkategai eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusigai jeltzaleen aurkezpen ekitaldian.
Jaurlaritzari eskumenak ematearen aurka PPk proposatu eta Senatuak onartu zuen mozioa izan du hizpide, eta "ikaragarri" jo du "legearen defendatzaileek, lege espainiarrarenak noski, Estatutua ez dadila bete eskatzea eta, beraz, Konstituzioa ez dadila bete eskatzea”.
EAJren presidenteak Alfonso Alonso PPren EAEko buraren aurka jo du, eta "erabateko erridikulua" egin duela adierazi dio. Gogorarazi du EAJk eta Eusko Jaurlaritzak defendatzen dutena PPk "ere defendatu zuela", emateke zeuden eskumenak jasotzen zituen 1993ko Zubia Txostenari erreferentzia eginez.
Ortuzarrek azaldu du txosten hori onartu eta popularrek babesa eman ziotenean Jaime Mayor Oreja zela alderdi horren burua: "Pentsatzen genuen ezin zela okerrera egin; baina bai, ahal da, PP honekin okerrera joan daitekeelako, okerrera joaten ari gara".
"Nahiago duenak Madrildik agin diezaguten, eta ez Gasteiztik, ez du merezi Arabaren ordezkari izatea, ez du euskal herritarren babesa merezi. Madrilen gera daitezela, azkenean hori baita egon nahi duten lekua", gaineratu du Ortuzarrek, Javier Maroto PPren Antolakuntza idazkariordea Gasteizko eta Arabako gaietatik "desagertuta" dagoela aipatu aurretik.