Itxi

Gernikako Estatutua

Eskuduntzak transferitzea ez da 'irakurketa nazionalista', Jaurlaritzaren hitzetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Exekutiboak gobernu bileran onartutako akordio formalean ohartarazi duenez, Estatutua betetzea 'desberdintasun iturri' dela esatea "sistema autonomikoa behera botatzea da'.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gernikako Estatutuaren defentsa sutsua egin du gaur Eusko Jaurlaritzak hura ez betetzea sustatzen dutenen aurrean. Exekutiboa osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, akordio formala adostu dute Gobernu bileran. Izenpetutako agirian diotenez, Euskadiren esku uzteke dauden eskuduntzak ez dira "irakurketa nazionalista edo pribilegio bat". Are gehiago, Estatutua osorik betetzea "desberdintasun iturri" dela esatea "sistema autonomikoa bere osotasunean suntsitzea eta bereziki euskal autogobernua baztertzea da".

Estatuko herritarren arteko desberdintasun iturria delakoan, Euskadiri eskumen gehiago ez ematea onartu zuen joan den astean Senatuak, PPk bultzatuta. Horri erantzuteko kaleratu du gaur Jaurlaritzak akordioa, eta Goi Ganbera erabiltzeko eginiko "ahalegin desleiala" salatu du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak irakurri du zazpi puntudun testua, ondoan Darpon, Artolazabal eta Arriola sailburuak zituela.

Gernikako Estatutua Lege Organikoa dela gogorarazi du Jaurlaritzak, berezia: "Eusko Legebiltzarkideen Batzordeak proposatuta izapidetu zen eta Gorte Nagusiek onetsi zuten eta erreferendumean berretsi zen, euskal herritarren gehiengoarekin, 1979ko urriaren 25ean. Izaera juridikoa hartu zuen, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organiko gisa. Beraz, Euskadiren erakunde-antolamendurako oinarrizko araua da, bizikidetza-ituna eskaintzen duena".

Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzak erabat gezurtatu du Jaurlaritzak 2017ko irailaren 22an onetsitako eta Eusko Legebiltzarrak babestutako eskuduntzen egutegia "Gernikako Estatutuaren euskal irakurketa nazionalista hutsaren" ondorio denik. Azaldu duenez, 1993an Legebiltzarrak onartutako (PP barne) dokumentuaren "eguneratzea" baino ez da, "eta beste erkidego batzuei normaltasun osoz transferitutako gaiak ere baditu tartean".

Hori horrela, Urkulluren Gobernuak uste du "zentzugabekeria dela interpretazio nazionalista baten ondorio izatea, gai batzuk beste erkidego batzuetara transferitu direlako jada". Horrez gain, gogora ekarri dunez, Gernikako Estatutua "berezia da. Aurreikuspen batzuek ez dute parekorik gainerako estatutu-testuetan, eta, gainera, Euskadiri, beste estatutu batzuetan errepikatzen badira ere, orokorrean errepikatzen ez diren eskumenak erreserbatzen dizkio".

Ez da desberdintasun iturri, ezta pribilegio ere

"Eusko Jaurlaritzak erabat ezeztatzen du euskal estatutu-legearen betearazpena Estatuko herritarren arteko desberdintasunen iturri izatea. Hori hala dela onartzeak eredu autonomikoa eraistea eta euskal autogobernua baztertzea ekarriko luke, bai eta horren elementu berezienetako bat ere, Ekonomia Ituna", nabarmendu du Erkorekak.

Horren ustez, "eskualdatzeke dauden transferentziak Euskadiren esku uztea mesede tratua edo pribilegioa dela esatea gezurra da. Jaurlaritzak berretsi nahi du Estatutua betetzeak herritarren ongizatea hobetzen duela. Kudeaketa hurbilago batek zerbitzu publikoak hobeto ematea dakar. Jaurlaritzak ez ditu baztertzen eta gutxiesten ordenamendu juridikoan aurreikusitako lankidetzako, elkarlaneko, koordinazioko eta lurralde-elkartasuneko mekanismoak".

Agirian jasotzen denez, Euskadik behin baino gehiagotan frogatu du "herri solidarioa" dela. "Baina lankidetza egoteko, erakunde publiko bakoitzari legez dagozkion eskumenak aitortu behar zaizkiola berresten du, bere jarduketa leialaren eta bidezkoaren adierazpen gisa. Ezin da sekula konstituzionaltasunaren blokeak diseinatutako eskumenen banaketa galtzeko edo ez betetzeko aitzakia gisa erabili.

Estatutua osorik betetzeko konpromisoa

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari "oraintsu prestatutako eskualdatzeen egutegia irmotasunez eta konpromisoz gauzatzeko aurrera egiten jarraitzeko eskatu dio, ekintzen bidez aurreko puntuetan adierazitako gogoetak bermatzeko".

Horren ildoan, Erkorekak azaldu du laster jasoko dutela lehen negoziazio zatiaren (zazpi eskuduntzari dagokiona) dokumentazioa. "Komunikazio erraz eta etengabea dugu Lurralde Politikako Ministerioarekin, beraz, espero dut laster akordioa ixtea eta transferentzien batzorde mistoaren bilera deitu ahal izatea", erantsi du.



Albisteak (4)

Bideoak (1)