Itxi

'Proces' auziaren epaiketa

2.500 euroko isuna Baños eta Reguantentzat, Voxen galderei ez erantzuteagatik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

CUPeko diputatu ohiak lekukoak dira epaiketan, eta ez dute herri-akusazioaren galderei erantzuteari uko egiteko eskubidea. Gainera, desobedientzia larria leporatu liezaiekete.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2.500 euroko zigorra jarri die Kataluniako prozesu independentista epaitzen ari den epaimahaiak Antonio Baños eta Eulalia Reguant CUPeko diputatu ohiei, herri-akusazioa den Voxen galderei erantzuteari uko egiteagatik. Lekukoak direnez, ez dagokie prerrogatiba hori.

Epaitegiko iturrien arabera, diputatu ohiek bost egun dituzte iritzia emateko eta epaimahaiari ez erantzuteko erabakia mantentzen duten adierazteko. Atzera egiten badute, beste egun batean deituko dituzte.

Bestela, sesioaren aktak helaraziko dizkiote Madrilgo epaitegi arrunt bati. Epaitegi horretan erabakiko du ikerketa penal bat hasiko duen, desobedientzia larriaren delitu batengatik.

"Duintasun demokratiko eta antifaxistagatik"

Epaimahaiko presidente Manuel Marchenak bertan behera utzi ditu CUPeko bi diputatu ohien deklarazioak.

Bañosek hasi du polemika Auzitegi Gorenean. "Duintasun demokratiko eta antifaxistagatik", uko egin dio Voxen abokatuen galderei erantzuteari.

Lekukoa izanda, eta ez akusatua, ez dagokio eskubide hori. Marchena epaileak gogoratu egin dio, eta azaldu dio ez duela epaimahaiari daukan informazioa, gertakizunak argitu litzakena, ukatzeko "askatasuna".

"Zure erantzunek ez dakarte zure ideologiaren kontrako alderdi politiko baten aldeko atxikipenik edo onarpenik", baina diputatu ohiak zera galdetu du: "Eta uko egiten badiot?".

Epaileak aktan idatzirik geratuko dela jakinarazi dio, eta erantzukizun penalak izan litzakeela ohartarazi dio.

Voxen galderak berak egitea ere proposatu dio epaileak. Hala ere, Bañosek erantzunak epailea ala Vox egiten ari zen galdetu dio, eta tentsio momentu batzuen ostean, epaileak itxitzat eman du eztabaida: "Bukatu egin dugu, aktan jasota geratuko da. Zure deklarazioa bukatutzat emango dugu".

"Esan duzuna oso argi dago. Ez dugu eztabaidatuko", esan du Marchenak. Epaiketa minutu batzuk geldituta egon ondoren, epaimahaiaren erabakiaren berri eman dio epaileak: "Joan zaitezke. Agiria har ezazu".

Hurrengo deklarazioan, Eulalia Reguantek Vox "eskuin muturrari" ez ziola erantzungo esan du, "alderdi matxista eta xenofoboa" izateagatik.

Uko horren balizko ondorioen berri eman ostean, kasu honetan, Marchenak ez dio Bañosi proposatutako konponbide bera eskaini, "lekukoek nori erantzun aukeratzen duten aurrekaririk ez sortzeko".

Defentsako abokatu batzuek epaimahaiak "berme guztiak bete" behar dituela gogoratu arren, Reguantek agiria jaso du, eta aretotik irten da.

Isunaz gain, delitua

Prozesu judizialetako lekukoak behartuta daude legez deitu duten epaimahaiaren aurrean deklaratzera, eta uko egiteak isuna dakar, eta gainera, agintariei larri desobeditzeagatik zigor lezakete.

Hori ezartzen du Prozedura Kriminalaren Legeak, 420. artikuluan. 200 eta 5.000 euro arteko isuna ezartzen du deklaratzeari uko egiten diotenei.

Gainera, Zigor Kodearen 555. artikuluak dionez, agintariei larri desobeditzen dutenek hiru hilabete eta urtebete arteko kartzela-zigorra edo sei eta hemezortzi hilabete arteko zigorra jaso lezakete.

Albisteak (1)

Bideoak (1)