Hauteskunde inkesta
PSOEk irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak botoen heren batekin, CISen arabera
Agentziak | Erredakzioa
Sozialistak lehen postuan kokatzen ditu otsaileko inkestak. PP bigarren indarra litzateke, urrun (% 16,7). PSOEk eta Unidos Podemosek PPk, Ciudadanosek eta Voxek baino boto gehiago batuko lituzkete.
CIS Ikerketa Soziologikoen Zentroak otsailean egindako barometroaren arabera, PSOEk Espainiako hauteskunde orokorrak irabaziko lituzke botoen % 33,3arekin. Urtarrilean baino 3,4 puntu gehiago dauzkate sozialistek otsaileko inkestan.
CISak emandako datuen arabera, Espainiako Gorte Orokorretarako hauteskundeak orain egingo balira PPk bigarren tokia berreskuratuko luke (% 16,7), sozialistengandik oso urrun baina Ciudadanos (% 15,3) eta Unidos Podemosen (% 14,5) aurretik.
Voxek botoen % 5,9 eskuratuko luke, urtarrilean baino 6 hamarren gutxiago.
Datu hauen arabera, PPk, Ciudadanosek eta Voxek botoen % 37,9 batuko lituzkete, PSOE (% 33,3) eta Unidos Podemosek (% 14,5) batuta baino gutxiago.
EH Bilduk botoen % 1 eskuratuko luke, eta EAJk % 0,9.
Inkesta otsailaren 1a eta 10a artean egin zuten, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek hauteskundeen aurrerapena iragarri baino lehen.