Itxi

Heriotza

Xabier Arzalluz EAJko buruzagi historikoa zendu da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

86 urterekin hil da Arzalluz. 22 urtetan izan zen EBBko presidente. "Pertsona, jeltzale eta abertzale aparta joan zaigu", adierazi du EAJk.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Xabier Arzalluz Eusko Alderdi Jeltzaleko politikari historikoa zendu da, 86 urterekin. 1932ko abuztuaren 24an jaio zen, Azkoitian.

Hileta-elizkizuna udalerri horretako Andre Mariaren Jasokundearen elizan egingo dute, larunbat honetan, 19:00etan.

EAJk Twitterren idatzi duenez, "pertsona, jeltzale eta abertzale aparta joan zaigu". Senideentzat, lagunentzat eta alderdikide guztientzat "une latza eta gogorra" dela adierazi du alderdiak.

1968an egin zen EAJren alderdikidea. 1977ko legealdi konstituziogilean Espainiako Kongresuko diputatu hautatu zuten, Gipuzkoatik. 1979ko hauteskundeetan berriz aukeratu zuten.

1980-1984 eta 1986-2004 urteetan izan zen EAJren EBBko presidentea.

Ezkonduta zegoen eta hiru seme-alaba zituen. 15 urte zeramatzan politikagintzatik aldenduta. Tarte horretan bi agerraldi publiko baino ez ditu egin: 2005ean, bere oroimen politikoak biltzen dituen liburua –'Xabier Arzalluz. Asi fue'- aurkezteko, eta 2018an, bere ibilbide politikoari buruzko hausnarketa egiten zuen dokumental batean parte hartzeko.

Erretiratu zenetik, Bilbon eta Galdakaon bizi izan da.

BIDEOA | Xabier Arzalluzen ibilbidea EAJren presidente gisa

Denek azpimarratu dute Arzalluzen garrantzia

Arzalluzen heriotzak erreakzio soka luzea eragin du eta alderdi politikoek sare sozialak erabili dituzte beren lehen mezuak zabaltzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Arzalluz "politikan maisu" izan zela, "abertzalea, militantea eta buruzagi eredugarria".

"Handia izan zen, langilea eta Euskadiren aldeko militantea", idatzi du lehendakariak.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuak doluminak eman dizkie familia eta lagunei, eta Arzalluz "pertsona eta politikari bikaina" izan zela esan du.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak herriaren alde egin zuen lana nabarmendu du. "EAJrentzat eta Euskadirentzat dena izan zen", erantsi du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Iñaki Anasagastik esan du Euskadiren eta EAJren historia Xabier Arzalluzi lotuta daudela.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ondoko mezua zabaldu du: "Itzal handiko gizona... Xabier, Agur eta Ohore!".

Ezberdintasun politikoak albo batean utzita, EAJren arerio politikoek ere azpimarratu dute Arzalluzen ibilbidea.

EH Bilduk, adibidez, Arzalluzek "herri honen eraikuntzari eta abertzaletasunari egindako ekarpena" nabarmendu du. Halaber, koalizio soberanistak doluminak eman dizkie Arzalluzen senideei, lagunei eta EAJko kideei.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren iritzian, Arzalluzek "itzal handia" izan du eta "herri honen historian oinatz sakona" utzi du.

Eusko Alkartasunak esan du "aro bat politikoki" markatu zuela eta Euskal Herrian "paper garrantzitsua" jokatu zuela.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarentzat, Arzalluz "Euskadiko historia politikoa eta instituzionalean protagonista nabarmena izan zen".

BIDEOA | Xabier Arzalluz 'Eusko Gudariak' abesten Bilboko Justizia Jauregiko eskaileretan


Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)