Europako hauteskundeak
EAJk bilera-sorta egingo du Katalunia, Kanaria, Galizia eta Balearretako alderdiekin
Agentziak | Erredakzioa
PDeCATen inguruan “komunikabideek argitaratutako informazioa” baino ez dutela zehaztu du EAJk, “baita atzo izandako elkarrizketa telefoniko labur bat ere”.
Duela bost urte koalizioa osatu zuen alderdi guztiekin (Katalunia, Kanariar Uharteak, Galizia eta Balear Uharteak) bilera-sorta egitea adostu du arratsaldean EAJko EBBk. Horrela, proposamen programatikoak, alderdi bakoitzaren antolakuntza aukerak eta helburuak ezagutu nahi dituzte jeltzaleek, maiatzaren 26ko hauteskundeei begira.
2014ko Europako hauteskundeetan Convergencia Democratica de Catalunya (CDC), Unio Democratica de Catalunya (UDC), Coalicion Canaria-Partido Nacionalista Canario (CC-PNC) eta Compromiso por Galiciarekin (CxG) batera aurkeztu ziren jeltzaleak. Bost urte lehenago (2009) Balearretako alderdiek koalizioarekin bat egin zuten. Zentzu horretan, maiatzerako Mes per Mallorcak koalizio hipotetikoarekin bat egin dezake.
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia JxCateko zerrendaburu izatea onartu berri du PDeCATek. Kataluniarren erabaki honen inguruan “komunikabideek argitaratutako informazioa” baino ez dutela zehaztu du EAJk, “baita atzo izandako elkarrizketa telefoniko labur bat ere”.
“Kataluniako testuinguruan hartutako erabaki bat dela badakigu, proces nazioartekotzeko asmoarekin, baina planteamenduaren berririk ez dugu oraindik”, esan dute EBBko iturriek.
Gainerako alderdiekin “oso aldez aurretiko” kontaktuak izan dituztela nabarmendu dute iturriek. Horregatik, bilera-sorta egitea erabaki dute, antolamendu aukerak, adostasun programatiko posibleak eta zerrenden presentzia ezagutzeko.
Hautagaitzak eta koalizio posibleak aurkezteko epea apirilaren 2an hasten dela gogorarazi dute jeltzaleek. “Oraindik denbora” dagoela azpimarratu du EAJk.