'Proces' epaiketa
Urkulluk Puigdemonti: 'Egia esan nuen eta dokumentaturik dago'
Agentziak | Erredakzioa
“Nire jarrera zintzoa, zuzena eta fede onekoa izan zen, Kataluniako erakundeekiko eta hizketakide guztiekiko gardena eta leiala”, azpimarratu du lehendakariak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren akusazioei erantzun die Iñigo Urkullu lehendakariak. Lehendakariak proces auziko epaiketan “memoria falta” izan zuela adierazi du Puigdemontek. Gorenaren aurrean “egia esatea zin egin nuen, egia esan nuen eta dokumentaturik dago”, erantzun dio Urkulluk.
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak irrati batean egindako adierazpenei erantzun die lehendakariak Bilbon, Eroskiren urteurrena ospatzeko ekitaldia hasi baino lehen. Urkulluk Auzitegi Gorenean emandako testigantza zuzendu du Puigdemontek goizean. Lehendakariari “memoriaren edo kontakizunaren zati bat” falta izan zitzaiola ziurtatu du Kataluniako agintari ohiak.
2017an, “blokeo egoera baten aurrean, Puigdemont presidenteak berak eskatuta, laguntza ematen” saiatu zela erantzun dio Urkulluk. “Nire jarrera zintzoa, zuzena eta fede onekoa izan zen, Kataluniako erakundeekiko eta hizketakide guztiekiko gardena eta leiala”, nabarmendu du lehendakariak.
Orain, Gorenaren aurrean, “egia esatea zin egin nuen, egia esan nuen, egia dokumentaturik dago eta prozesu judiziala amaitzen denean kontsulta egitea posible izango da”, erantsi duenez.
Berak esandakoa oinarri duten agiri horiek hiru erakundetan daude dagoeneko (Sabino Arana Fundazioa, Euskadiko Artxibo Historikoa eta Poblet Monasterioa). Prozedura judiziala amaitu bezain laster dokumentuak jakitera emango dituztela gaineratu du.
2017ko urritik “Kataluniari buruz oso gutxitan berba” egin duela azpimarratu du lehendakariak, “nire helburua autogobernua babesten laguntzea izan zelako, hasieratik, errealismoaren printzipiotik abiatuta, haustura soziala saihesten saiatzea. Hori izan zen nire xedea, eta izaten jarraituko du”.