Kargatzen...
Itxi

Hauteskunde inkesta

EiTB Focus: EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak hiru lurraldeetan

EiTB.EUS

Leer en Castellano

EiTB Focusen arabera, EH Bildu litzateke bigarren indar bozkatuena EAEn. Halaber, inkesta horrek erakusten du euskal gizarteak botoa aldatzen duela, hauteskunde hitzorduaren arabera.

EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak hiru lurraldeetan

EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 26ko foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, botoen % 39,9 lortuta, hamabigarren EiTB Focus inkestaren arabera. 2019ko martxoan egindako inkestak EAEko boto-emaileek hauteskunde horietara begira duten boto-asmoa erakusten du.

Hain zuzen ere, udal eta foru hauteskundeak baino ia hiru hilabete lehenago, martxoaren 1etik 5era, hiru lurraldeetan egindako galdeketek emandako datuak dira ondoren jasotakoak.

Martxoaren 13an, asteazkenean, hauteskunde orokorrekin lotutako datuak argitaratu genituen. Gaurkoan, berriz, foru hauteskundeei dagozkien datuak bildu ditugu.

Esan bezala, EiTB Focusen arabera, EAJ litzateke lehen indarra, eta EH Bilduk lortuko luke bigarren boto-kopuru handiena (% 24,5). PSE-EEk, berriz, egungo emaitzei eutsiko lieke, botoen % 13,4 lortuta. Elkarrekin Podemosek eta PPk, berriz, behera egingo lukete: botoen % 12,3 lortuko lituzke Elkarrekin Podemosek eta botoen % 6,8 PPk.

Bestalde, Ciudadanosek eta Voxek ez lukete foru aldundietan ordezkaritzarik lortuko.

Boto-asmoa, EAEn

EAJ litzateke lehen indarra EAEn, 2015eko hauteskundeetan baino 6,1 puntu gehiago jasota. Hortaz, botoen % 33,8 izatetik % 39,9 eskuratzera pasatuko litzateke. EH Bilduk ere gora egingo luke (% 22,7tik % 24,5era).

PSE-EEk, aldiz, 0,4 puntu galduko lituzke (% 13,8tik % 13,4ra), Elkarrekin Podemosek 4,3, eta PPren jaitsiera ere nabarmentzeko modukoa izango litzateke (botoen % 9,5etik % 6,8ra).

Boto-asmoa, Araban

Araban, EAJk 7,1 puntuko igoera izango luke, eta EH Bilduk 0,9 puntukoa. Azpimarratzekoa da, gainera, PP hirugarren indarra izatera pasatuko litzatekeela, 2015eko bozetan babesik handiena lortu zuen alderdia izan bazen ere. Guztira, 6,6 puntu galduko lituzke.

Elkarrekin Podemosen kasuan, 4,8 puntuko beherakada izango luke. Bukatzeko, PSE-EEk 2 puntu galduko lituzke.

Boto-asmoa, Bizkaian

Bizkaian, EAJk 6,9 puntu egingo luke gora, EH Bilduk 0,9 eta PSE-EEk 0,5. Kontrara, Elkarrekin Podemosek eta PPk indarra galduko lukete, 3,1 eta 5,8 puntu galduta, hurrenez hurren.

Boto-asmoa, Gipuzkoan

Era berean, EAJk ordezkaritza handiagoa lortuko luke Gipuzkoan (4,4 puntu gehiago), eta EH Bilduk ere indarra handituko luke (3,4 puntu gehiago). Gainerako alderdiek portzentaje baxuagoak izango lituzkete: 3,1 puntu gutxiago PSE-EEk; 2,3 puntu gutxiago PPk eta 2 puntu gutxiago Elkarrekin Podemosek.

Euskal gizarteak botoa aldatzen du, hauteskundeen arabera

Inkestak islatzen duenez, euskaldunek botoa aldatzeko ohitura dute, hauteskundeen arabera. Nazionalistek, esaterako, botoen % 44 lortuko lituzkete hauteskunde orokorretan, baina botoen % 64 lortuko lituzkete foru hauteskundeetan. Kontrakoa gertatzen da, ordea, alderdi espainiarrekin.

Hots, bi hitzordu horiek alderatuta, EAJk 11,4 puntu gehiago eta EH Bilduk 8,9 puntu gehiago lortuko lituzkete foru hauteskundeetan. Aitzitik, bestelakoak lirateke Podemos-IUren, PSOEren eta PPren emaitzak: 8,4 puntu galduko lituzke lehenak, 6,6 bigarrenak eta 2,9 hirugarrenak.

Ahaldun nagusien inguruko iritzia

Inkestak EAEko herritarren iritzia bildu du hurrengo gaien inguruan: hiru ahaldun nagusiak, hiru aldundien kudeaketa orokorra, beren lana gai zehatzetan eta oposizioaren lana. Honakoak dira emaitzak:

Fitxa teknikoa

EAEn bizi diren 1.650 pertsona (Araban 450, Bizkaian 650 eta Gipuzkoan 550).

La= ±% 2,41, konfiantza-maila % 95, p=q=0'5, EAEko datuetarako.

Inkesten % 25 euskaraz egin dira, eta gainerakoak gaztelaniaz. Inkesta egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2019ko martxoaren 1a eta 5a bitartean egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 6,98 minutukoa izan zen: motzenak 5 minutu iraun zuen eta luzeenak 20 minutu.

Informazio gehiago (1)