HAUTESKUNDEAK
EAEko PPk ez du baztertzen Cs-ekin batera aurkeztea, 'foraltasuna errespetatzen badu'
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Alfonso Alonso EAEko PPko presidentearen esanetan, 'ate guztiak zabalik' daude.
Euskadiko Alderdi Popularrak (PP) ez du baztertzen apirilaren 28ko hauteskunde orokorretara eta maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetara Ciudadanosekin (Cs) batera aurkeztea, Nafarroan PPk eta Cs-ek lorturiko ituna erreferentzia gisa hartuta. Horrela mintzatu da Alfonso Alonso Euskadiko popularren presidentea gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. "Alternatiba zentzuduna" dela uste du.
Alonsoren esanetan, "ate guztiak zabalik daude", nahiz eta gaur-gaurkoz ez dagoen bi alderdien arteko "elkarrizketa ofizialik". Dena dela, balizko akordio hori gauzatzeko baldintza nagusi bat jarri du Alonsok: Ciudadanosek "Kontzertu ekonomikoa eta foraltasuna" errespetatzea. Balizko zerrenda bateratu hori justifikatu du Alonsok, botoren balioa "handiagotu" egiten duela iritzita. Ildo horretan, bakarrik joanda, Ciudadanosek paperak "galdu" egin daitezkeela pentsatzen du.
Azken EiTB Focus inkestaren arabera, PPk eserleku bat galduko luke Bizkaiko Batzar Nagusietan. Horri buruz galdetuta, lasai mintzatu da Euskadiko popularren buruzagia, eta eserlekuari eutsiko diotela uste du. Are gehiago, ez du baztertzen duela lau urteko egoera hobetzea Ciudadanosen eserleku batekin.
Bestalde, legegintzaldi berriari begira, EAJrekin itunak egiteko prest agertu da, baldin eta jeltzaleak Mariano Rajoyren garaian izandako posizioetara itzultzen badira eta "EH Bildurekin duten hitzarmena albo batera" uzten badute.
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren balizko gaitzespenaz galdetuta, "erreta eta kiskalita" dagoela erantzun du. "Zenbat denboran luzatuko du lehendakariak bere agonia?", galdetu du.
Immigrazioaren inguruan, ostera, "jendea modu ordenatuan" eta "lanerako etortzea" behar dela aldarrikatu du.