Hauteskunde inkesta
12. EiTB Focus: EAJ izango litzateke bozkatuena foru zein hauteskunde orokorretan
EITB.EUS
Gizakerrek EiTBrentzat egindako makroinketaren arabera, EH Bilduk gora egingo luke; Podemosek eta PPk, aldiz, behera. Sozialistek babesari eutsi edo jaitsi egingo lirateke, bozen arabera.
2019ko martxoari dagokion inkesta kaleratu berri du Euskal Irrati Telebistak (EiTB), alegia, Gizaker inkesta etxeak egindako EiTB Focus. hamabigarren alea da honakoa, eta ate joka ditugun bi hauteskunde hitzorduen inguruan galdetu du.
Martxoaren 1etik 5era telefono bidez Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleei egindako galdeketak apirilaren 28ko hauteskunde orokorrei zein maiatzaren 26ko foru hauteskundeei begira herritarrek duten boto-asmoa izan du ardatz. Inkeston arabera, EAJ izango litzateke indar bozkatuena bi hitzorduetan.
EiTB Focusen lehen atala martxoaren 13an kaleratu zen, eta Espainiako hauteskunde aurreratuen inguruko itaunak izan zituen nagusi. Horren arabera, EAJ izango litzateke EAEko alderdi bozkatuena hauteskunde orokorretan, botoen % 28,5 eskuratuta (3 puntutik gorako igoera). Atzetik, Elkarrekin Podemos bigarren postuan geratuko litzateke, botoen % 20,7 jasota (ia 9 puntuko jaitsiera).
Koalizio horretatik gertu, hirugarren postuan, PSE-EE geratuko litzateke, botoen % 20lortuta (ia 6 puntuko igoera). EH Bildu litzateke EAEko laugarren indarra, botoen % 15,6bereganatuta (aurrekoetan baino 2 puntu gehiago). Bosgarren eta azken tokian, PPk botoen % 9,7 eskuratuko lituzke (ia 3 puntu galduko lituzke).
Eserlekuen balizko banaketa honakoa litzateke, galdeketaren arabera. EAJk 6 ordezkari izango lituzke, duela hiru urte baino bat gehiago. Elkarrekin Podemos 6 diputatu izatetik 4 izatera pasatuko litzateke, eta PSE-EEk ere 4 diputatu eskuratuko lituzke (aurrekoetan baino bat gehiago).
EH Bilduk ere diputatu bat irabaziko luke datuak 2016ko emaitzekin alderatuta, eta 2 izatetik 3 izatera igaroko litzateke. PPk, ordea, egunn dituen bi diputatuetako bat galduko luke, eta EAEko ordezkari gisa diputatu bakarra izango luke Kongresuan. Ciudadanosek eta Voxek ez lukete Diputatuen Kongresuan EAEko ordezkaririk lortuko.
Hauteskundeak Espainian nork irabaziko dituen galdetuta, Euskadiko herritarren gehiengo zabalaren ustez, PSOE izango da alderdi bozkatuena Espainian. Galdetutakoen % 61,4k uste dute sozialistek irabaziko dituztela hauteskunde orokorrak. Bestalde, % 12,7k baino ez dute pentsatzen PP izango dela alderdi bozkatuena.
Hauteskundeen ostean Gobernua osatzeko sor daitezkeen balizko bi koalizioetako zein nahiago luketen galdetuta, EAEko 10 herritarretik 9k (% 86,3) nahiago dute PSOEk, Podemosek eta alderdi abertzaleek osatu ahalko luketena. Galdetutakoen % 4,1ek nahiago lukete koalizioa PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek osatzea, eta ia % 10ek ez dakite zer erantzun edo nahiago dute erantzunik ez eman.
Foru hauteskundeak maiatzaren 26an
2019ko martxoko EiTB Focusen bigarren atala hilaren 14an plazaratu zuten, maiatzaren 26ko bozei begira herritarrek duten boto-asmoa ardatz hartuta. Galdeketak jasotakoaren arabera, EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak hiru lurraldeetan botoen % 39,9 lortuta.
Jeltzaleak lirateke lehen indarra, eta EH Bilduk lortuko luke bigarren boto-kopuru handiena (% 24,5). PSE-EEk, berriz, egungo emaitzei eutsiko lieke, botoen % 13,4 lortuta. Elkarrekin Podemosek eta PPk, berriz, behera egingo lukete: botoen % 12,3 lortuko lituzke Elkarrekin Podemosek eta botoen % 6,8 PPk. Bestalde, Ciudadanosek eta Voxek ez lukete foru aldundietan ordezkaritzarik lortuko.
Lurraldeka, Araban, EAJk 7,1 puntuko igoera izango luke, eta EH Bilduk 0,9 puntukoa. Azpimarratzekoa da, gainera, PP hirugarren indarra izatera pasatuko litzatekeela, 2015eko bozetan babesik handiena lortu zuen alderdia izan bazen ere. Guztira, 6,6 puntu galduko lituzke.
Elkarrekin Podemosen kasuan, 4,8 puntuko beherakada izango luke. Bukatzeko, PSE-EEk 2 puntu galduko lituzke.
Bizkaian, EAJk 6,9 puntu egingo luke gora, EH Bilduk 0,9 eta PSE-EEk 0,5. Kontrara, Elkarrekin Podemosek eta PPk indarra galduko lukete, 3,1 eta 5,8 puntu galduta, hurrenez hurren.
Gipuzkoan, EAJk ordezkaritza handiagoa lortuko luke (4,4 puntu gehiago), eta EH Bilduk ere indarra handituko luke (3,4 puntu gehiago). Gainerako alderdiek portzentaje baxuagoak izango lituzkete: 3,1 puntu gutxiago PSE-EEk; 2,3 puntu gutxiago PPk eta 2 puntu gutxiago Elkarrekin Podemosek.
Azkenik, inkestak islatzen duenez, euskal herritarrek botoa aldatzeko ohitura dute, hauteskundeen arabera. Nazionalistek, esaterako, botoen % 44 lortuko lituzkete hauteskunde orokorretan, baina botoen % 64 lortuko lituzkete foru hauteskundeetan. Kontrakoa gertatzen da, ordea, alderdi espainiarrekin.
Fitxa teknikoa
EAEn bizi diren 1.650 pertsona (Araban 450, Bizkaian 650 eta Gipuzkoan 550).
La= ±% 2,41, konfiantza-maila % 95, p=q=0'5, EAEko datuetarako.
Inkesten % 25 euskaraz egin dira, eta gainerakoak gaztelaniaz. Inkesta egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2019ko martxoaren 1a eta 5a bitartean egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 6,98 minutukoa izan zen: motzenak 5 minutu iraun zuen eta luzeenak 20 minutu.