Itxi

Osakidetza

Legebiltzarrak ez du eskatuko susmopean dauden lan eskaintzako azterketak gelditzea

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Probak geldiaraztea eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, baina EAJk eta PSE-EEk errefusatu dute. Bitartean, PP bozketan abstenitu da.

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Osakidetzako lan eskaintza publikoan (2016-2017), susmopean dauden kategorien azterketak gelditzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak. Fiskaltzak delitu zantzuak ikusi ditu azterketen filtrazioagatik.

Probak geldiaraztea eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, baina EAJk eta PSE-EEk errefusatu dute. Bitartean, PP bozketan abstenitu da.

Legebiltzarreko Osasun Batzordeak ekimena eztabaidatu du, EH Bilduk eskatuta. Aldi berean, Nekane Murga Osasun sailburu berria karguaz jabetu da asteazken honetan, Jon Darponek dimisioa eman ondoren. Osakidetzaren lan eskaintzan izandako irregulartasunengatik kritikak jaso ondotik, kargua utzi zuen Darponek, hain zuzen ere.

Fiskaltzak delitu zantzuak ikusi dituen kategorietan azterketak “kautelaz” geldiaraztea “eskatu” diote EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari.

Gertatutakoaren “erantzukizun penalak ezagutu arte” probak gelditzea eskatu dute bi koalizioek testu adostuan.

Gainera, dagokion ebazpen judiziala argitara eman ondoren, azterketak errepikatzea eskatu dute, “beharrezko neurri osagarriak hartuz”, besteak beste, “epaimahaien berregituraketa” aipatu dute, “funtzio publikoko hautaproben printzipioak bermatzeko”.

Ekimena atzera bota dute. Eusko Jaurlaritza babesten duten alderdiek (EAJ eta PSE) ekimenaren aurkako botoa eman dute, eta PP abstenitu da.

Era berean, Alderdi Popularrak aurkeztutako zuzenketa ez dute onartu. Osakidetzaren “sinesgarritasuna” berreskuratzeko neurriak hartzea eskatu dio PPk Jaurlaritzari. EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketa ere atzera bota du batzordeak. Lan eskaintza publikoa “gardentasunez eta berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatuz lehenbailehen” amaitzeko neurriak eskatu dituzte jeltzaleek eta sozialistek.

Albisteak (3)