Katalunia
Fiskaltzak Torraren aurkako kereila aurkeztu du, lazo horien auzia tarteko
Agentziak | erredakzioa
Bestalde, Quim Torrak Espainiako Hauteskunde-batzordearen aurkako kereila aurkeztu du, lazo horiak debekatuz prebarikazio delitua egin zuela egotzita.
Kataluniako Fiskaltza Nagusiak kereila aurkeztu du Quim Torra presidentearen kontra, desobedientzia egotzita. Kereilak begizten auzia du oinarri, hau da, Generalitateko eraikin publikoetan jarritako begizta hori eta preso politikoak aske uztea eskatzen zuten pankartak kentzeko Hauteskunde-batzordeak emandako agindua ez betetzea.
Fiskaltzak Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aurrean aurkeztu du kereila. Testuan dioenez, Torrak "kontzienteki eta nahita sinbologia alderdikoia" mantentzeko hautua egin zuen.
Ministerio publikoaren arabera, Generalitatearen eraikinetan "gizartearen zati bat soilik ordezkatzen duten" ikur, argazki eta irudi "ideologikoak eta alderdikoiak ezkutuan edo modu sinbolikoan" mantendu zituen.
Kereila Carlos Ramos Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuak aztertuko du orain, tramitera onartu edo atzera botatzea erabakitzeko.
Generalitatearen kereila, Hauteskunde-batzordeari
Bestalde, Quim Torrak Espainiako Hauteskunde-batzordearen aurkako kereila aurkeztu du gaur goizean, prebarikazio delitua egotzita. Joan den astean iragarri zuen hala egingo zuela, Hauteskunde-batzordeak eraikin publikoetan lazo horiak erabiltzea debekatu eta gero.
Auzitegi Gorenak kereila atzera botaz gero eta "Espainiako Erreinuak gertatutakoa ikertu nahi ez badu", Generalitateak Europako Auzitegira jotzeko prest dagoela esan du.
Horrez gain, Torrak gogor kritikatu du Fiskaltzak desobedientzia leporatuta bere aurka jarri duen kereila: "Argi geratu da errepresioak ez duela etenik. Estatu espainolak ez ditu ezberdintasun politikoak onartzen".
"Lazo horien auzian irmotasunez jokatu nuen, eskubide zibil, sozial eta nazionalen defentsan eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko", adierazi du Torrak ohar batean.
Generalitateko presidenteak esan du prozesu judizial honetan bere burua defendatuko duela eta, beraz, beharrezkoak diren alegazioak eta helegiteak aurkeztuko dituela azpimarratu du.