‘Villarejo auzia’
Pablo Iglesiasen aurka Poliziak egindako txosten faltsua ikertzen ari dira
EITB.EUS
Pablo Iglesiasen laguntzaile bati sakelako telefonoa lapurtu zioten. Lapurreta hori Barne Ministerioak agindu zuen argitu nahi du ‘Villarejo auzi’ko epaileak.
Pablo Iglesiasi kalte egiteko Poliziak egindako txosten faltsua ikertzen hasi da Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epailea.
Europako Parlamentuan Iglesiasen laguntzaile izan zen Dina Bousselhami sakelako telefonoa lapurtu zioten eta mugikor horretatik lortutako datuen dokumentua Jose Manuel Villarejo komisario ohiari antzeman diote, gaur eldiario.es eta elpais.es egunkariek argitaratu dutenez.
Villarejoren Polizia politikoak Podemosen finantzazioari buruzko txosten faltsua- Venezuelarengandik dirua jasotzen zuela zioena- egin zuen garaian lapurtu zuten aipatu telefonoa.
Beraz, epaileak uste du bi gertakari horiek lotuta egon daitezkeela eta lapurreta hori Alderdi Popularraren Gobernuko Barne Ministerioak agindu ote zuen argitu nahi du orain.
Iglesias epaitegian izan da gaur goizean, Villarejoren jarduera ikertzen ari den epaileak auzi honetan akusazio gisa aurkezteko aukera eman baitio.
Auzitegi Nazionaletik ateratzean, Podemoseko buruzagiak ondokoa azpimarratu du: “Honen guztiaren atzean polizia ustelak, komunikabideak eta enpresari handiak lotzen dituen sare kriminal bat dago”.
“Espainiako demokraziaren lotsarik handienetakoa da”, erantsi du.