Etapa berria
Gure Esku Dagok ekimen bat bultzatuko du etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeko
EiTB.EUS
Horixe da Josu Etxaburuk eta Amalur Alvarezek aldarrikatu dutena: erabakitzeko eskubidea lege bihurtu nahi dutela, oztopoen aurrean ez dutela amore emango eta harresiak gainditzeko gogoz daudela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gure Esku Dagok etapa berri bat hasi du igande honetan, Bilboko Euskalduna Jauregian. Xabier Euzkitze izan da gaurko ekitaldian hitza hartzen lehena. Plataformaren atzera begirakoa egin, eta 2013az geroztik burujabetza mugarri izan dutela azpimarratu du. Horrela, orain arte egindako ekimenak gogoan, xedea “gure aske nahia asetzea” dela adierazi du, alegia, herri aske bati hitza ematea.
Horixe da, hain zuzen, Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Esku Dagoko bozeramaile berriek egun garrantzitsu honetan aldarrikatu dutena: erabakitzeko eskubidea lege bihurtu nahi dutela, oztopoen aurrean ez dutela amore emango eta harresiak gainditzeko gogoz daudela. Horretarako, lan handia dute aurretik, baina herri ekimen garrantzitsu bat iragarri dute biek ala biek, erronka kolektibo hori herriz herri zabaltzeak izango duen garrantzia ahaztu gabe. “Gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu”, esan dute.
Aurretik, Zelai Nikolasek eta Angel Oiarbidek agur hunkigarria egin dute Euskalduna Jauregian bildutakoen aurrean. “Iraganik gabe oraina ez da posible eta orainaldirik gabe ez dago etorkizunik”, hitz horiekin azaldu dute duela bsei urte sortutako mugimenduak etapa berri honetan baduela oinarri bat; hots, ez direla zerotik hasiko: “Gu ere Zuzendaritza Kontseiluaren parte izango gara, eta laguntzeko gaude”.
Angel Oiarbide eta Josu Etxaburu, elkar besarkatzen. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi
Jon Maia bertsolaria ere igo da oholtzara, etapa berri horretan buru-belarri lanean jardungo dutenei ausardia eta bertigoa opatzeko.
Ekitaldi osoan zehar, Katalunian auzipetutako hamabi buruzagi indepedentistak izan dituzte gogoan, bereziki, Jordi Cuixart Omnium Cultural erakundeko presidentea. Izan ere, Cuixartek espetxetik bidalitako gutuna irakurri du Kike Amonarrizek.
Askatasunaren defentsan, Euskal Herria eta herrialde kataluniarrak elkarrekin daudela eta desobedientzia zibila aldaketa sozialaren lanabes gisa hartuko dutela izan dira gutun horretan jasotako ideietako bi.
Agertoki gainera atera diren “gonbidatuen” artean, Jone Amonarriz eta Irati Elizalde ere izan dira. Handinahiz betetako etapa berri bati ekingo diotela eta horretarako bazkideen ekarpenak nahitaezkoak izango direla argitu dute biek.
Plaza plataforma berriaz ere mintzatu dira, "guztiok batera erabakiak hartzeko bide izango da eta herri dinamikari buruzko zuzeneko informazioa emango du".
Esan bezala, bozeramaile berriak izan dira, kantuan hasi aurretik, gaurko hitzorduari amaiera eman diotenak. Orain arte egindako ahaleginengatik zorionak eman dizkiete sokatik tiraka aritu diren guztiei. “Badakigu nora goazen, eta helburua gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki ahal izatea da. Etorkizuna eraikitzeko garaia da. Bozkatu, parte hartu eta eztabaidatu egin behar dugu”, esan dute “Egin dezagun posible” leloari eutsita.
Ehunka lagun bildu dira Euskalduna Jauregian, "Egin dezagun posible" leloa lagun. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi