Itxi

Alderdi Popularra

Espainiako Polizia eta Guardia Zibila Ertzaintzaren gainetik jarri ditu Casadok

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Estatutua “berriz irakurtzeko” eskatu dio EAJk PPko buruzagiari. Adierazpenak “praxi birzentralizatzaile” baten barruan jarri ditu ELAk. “Euskal autogobernuaren aurkako erasoa da”, adierazi du Esanek.

Pablo Casado PPko buruzagia. Argazkia: EFE

Erkidegoetako polizien aurretik Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari lehentasuna ematea proposatu du Pablo Casado PPko presidenteak, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean, Katalunian gertatutako liskarrak berriz ez errepikatzeko.

Gosari informatibo batean, segurtasunaren monopolioa Estatuari dagokiola aldarrikatu du Casadok. Hierarkia hori defendatu behar dela uste du. Espainiako Gobernua Guardia Zibila Nafarroatik ateratzeko neurriak aztertzen ari dela salatu du.

Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta erkidegoetako polizia “bikainen” arteko lankidetza areagotu behar dela nabarmendu du PPko buruzagiak.

PPko zuzendaritzaren iturriek azaldu dutenez, Estatuko segurtasun indarrei lehentasuna emateko lege erreformarik ez da behar, herritarren segurtasunerako araudietan jasota dagoelako.

Aitor Esteban EAJko zerrendaburuak PPko buruzagiari erantzun dio. Gernikako Estatutua “berriro irakurtzeko” eskatu dio Estebanek Casadori.

“Estatutua adostu genuenean, Ertzaintza Polizia integrala dela, eta ondorioz, Estatuko Poliziaren maila bera duela oso argi geratu zen”, gogorarazi du jeltzaleak. Casadok “bere legedia ere ez du irakurtzen”, ziurtatu du EAJko zerrendaburuak.

PPko buruzagiaren adierazpenak “praxi birzentralizattzaile” baten barruan kokatu ditu ELA sindikatuak. Autogobernua defendatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Esan sindikatuaren hitzetan, “euskal autogobernuaren eta Ertzaintzaren aurkako eraso bat da”.