Eusko Legebiltzarra
Dignidad y Justicia elkarteak Julen Arzuagaren aurkako salaketa iragarri du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduko legebiltzarkideak gaur goizean egindako adierazpenekin Estatuko segurtasun indarren erakundeak iraindu dituela uste du Dignidad y Justicia elkarteak.
Dignidad y Justicia elkarteak Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen aurkako salaketa aurkeztuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, gorroto delitua eta terrorismoaren biktimak umiliatzea leporatuta.
Polizia gehiegikerien legea onartzeko saioan, eztabaida gogorra izan da gaur goizean Legebiltzarrean. Arzuagak "erabateko mespretxua" adierazi die Estatuko segurtasun indarren erakunde korporatiboei, "beraiek eragindako biktimak ez aitortzeko 'lobby' nazkagarri bat eratzeagatik".
Ohar batean, Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak esan du Arzuagak Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren elkarteak "iraindu eta mespretxatu" egin dituela adierazpen horiekin.
"Batasuna-ETAren oinordekoa, Estatuko segurtasun indarrak kriminalizatzen saiatu da, biktimak eta borreroak maila berean jarrita", kritikatu du.
BIDEOA | Eztabaida gogorra, EH Bilduko legebiltzarkideen eta elkarte polizialen artean