ESKUMENAK
Eusko Jaurlaritza gaur bilduko da Espainiako Gobernuarekin eskumenak adosteko
EITB.EUS
Erkorekak aurreratu denez, bideokonferentziaz egingo dute bilera, eta ostegunerako, hauteskunde kanpaina hasten denerako, lau eskumeni buruzko akordioa itxi nahi du Jaurlaritzak.
Eskumenen transferentzien egutegian agertzen diren lau eskumenen transferentziari buruz hitz egiteko bilera egingo dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Bideokonferentziaz egingo dute batzarra, eta ostegunerako, hauteskunde kanpaina hasterako, "akordioa" itxi nahi du Gasteizko Exekutiboak.
Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak aurreratu du berria, gaur Gurseko kontzentrazio esparruan hildakoen omenez egiten ari diren ekitaldi instituzionalean. Bere hitzetan, azken egunotan bi aldeek eskualdatzeke dauden transferentzien inguruko dokumentazioa partekatu dute.
#Transferentziak Asteburu osoan zehar dokumentazioa partekatu dugu. Bihar bideokonferentziaz alde biko bilera bat egingo dugu eta gure itxaropena 4 trasferentziak lotu eta #TransferentzienBatzordeMistoa hauteskunde kanpaina bukatu orduko egitea da pic.twitter.com/j7tVhbP3sp
— Josu Erkoreka (@jerkoreka) 7 de abril de 2019¿
Euskal Autonomia Erkidegoaren esku geratuko liratekeen eskumenak hauek dira: lan-erregulazio espedienteek kaltetutako langileen erretiroarena, produktu farmazeutikoen gaineko legediarena, ikastetxeetako seguruarena eta AP-68 autobidearena.
EAJk Pedro Sanchezen Gobernuak aurkeztutako sei lege-dekretuak babestu eta gero iritsi da bileraren baieztapena. Mariano Rajoyren kontrako zentsura-mozioaren alde bozkatu zuten talde parlamentario guztiek babestu zituzten aipatu dekretuak, tartean EH Bildu; PPk soilik bozkatu du aurka.
Erkorekak asteon esan du "bi gobernuen arteko harremanak areagotu" egin direla azken egunotan, eta elkarri proposamenak helarazten ari zirela zehaztu du.
Asteazken iluntzean, Lurralde Antolaketa eta Funtzio Publikoko Ministerioak oharra bidali du datorren astean Transferentzien Batzorde Mistoa bilduko dela jakinaraziz, eta batzar horretan arestian aipatutako lau eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzteko akordioa ixten saiatuko direla.