Itxi

Podemos

Iglesiasek koalizio Gobernu bat eskaini du 'harrokeriarik' eta 'marra gorririk gabe'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Podemoseko buruzagiaren hitzetan, Espainiak zenbait indarren arteko ituna behar du, "egonkortasuna" bermatzeko.

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia. Argazkia: EFE/J.J Guillen

Koalizio Gobernu bat osatzeko, Pedro Sanchezekin "marra gorririk, ultimatumik eta harrokeriarik gabe" hitz egiteko prest agertu da Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia. Horrela, "progresisten arteko lankidetza aro berri bati" hasiera eman nahi dio Iglesiasek.

Estatuko Hiritarren Kontseiluak bilera egin du, apirilaren 28ko hauteskundeetan izandako emaitza aztertzeko. Pablo Iglesiasek hitza hartu du batzarrean.

Koalizio gobernua "argi eta garbi" PSOEk zuzendu beharko lukeela onartu du Podemoseko buruzagiak. Hala ere, Iglesiasen ahotan, Espainiak zenbait indarren arteko ituna behar du, "egonkortasuna" bermatzeko.

Koalizio gobernuan eserlekuen araberako ordezkaritza proposatuko dio Iglesiasek Sanchezi astearte honetan, Moncloan, egin beharreko bileran. "Guztiek" eman, entzun eta enpatia izan beharko dutela badaki, "adostasun aro berri bat eraikitzeko".

PSOEk ekimena duela aitortu du koalizio moreko buruzagiak, baina presidenteari "elkarrizketarako" borondatea azalduko diote, "oinarri zabaleko gobernu egonkor bat osatzeko, programa aurrerakoi bat aplikatzeko".

Gainera, Exekutibo progresista horretan parte hartzeko asmoa agertu du Iglesiasek, eserlekuen araberako ordezkaritza batekin. Hala ere, koalizioa ala inbestidura babesteko azken hitza Hiritarren Batzarrak izango duela gogorarazi du.

Albisteak (3)